Dardarak eta pitzadurak eragin dituzte autobideko lanetan egindako leherketek

Iker Barandiaran 2005ko ira. 27a, 18:27
Abuztu bukaeran eta joan den asteko martitzen eta egubakoitzean dardara handiak igarri zituzten hainbat herritarrek. Are gehiago, autobideko lanen ondoan dagoen etxe baten pitzadurak sortu dira. Autobideko lanetan egindako leherketak dira horren iturri.

Zenbait herritar oso kezkatuta daude azken egunotan herrian izan diren dardarengatik. Hain zuzen ere, herriko plazan bertan dagoen eraikin baten ere igarri zituzten.

Herritarrek ez zekiten zein zen horren arrazoia, eta horietako batzuek udaletxera jo zuten euren kezka agertzera. Gerora, jakin dute autobideko lanetan leherketak egin dituztela, eta bibrazioak horrek eragin zituela.

Pitzadurak, baserri baten

Horrez gain, autobideak kaltetutakoen taldeak aditzera eman du Aranburuzabala kalearen gainaldean dagoen Antontxu baserriko hormetan pitzadurak sortu direla. Etxe hori autobideko lanetatik 150 bat metrotara dago. Han bizi direnek esan digute lehenengo leherketa entzun zutenean izugarrizko sustoa hartu zutela, eta informazio eske udaletxera jo zutela. Horrez gain, aditzera eman digute hori baino lehenago, oporretatik bueltan etorri zirenean, etxearen alde bateko hainbat gelatan pitzadurak eta zenbait gauza mugituta aurkitu zituzten.

Antontxu baserriko familiak, oso arduratuta, Bergarako epaitegira jo zuen denuntzia jartzera. "Inork ez zigun leherketa horien berri eman, eta pitzadurak ikusi genituenean zur eta lur gelditu ginen".

Autobideko lanen zuzendaritzak ere arazoaren berri izan zuen eta lanen segurtasuneko arduradun bat bidali zuen pitzadurak aztertzera. Pitzadurak ikusi eta gero, arduradunak eskaiolazko lagin batzuk jarri zituen kalteak seinalatzeko. Horrez gain, Antontxu baserrikoek beste ardura batzuk dituzte. Nagusiena da lanak baserritik oso metro gutxira egiten dituztela eta gainean harri-lubeta jarri gura dutela. "Gure gainean kamioi handiak lanean dabiltza, eta edozein egunetan kamioiren bat edo harri handiren bat jausiko den beldur gara. Dagoeneko jausi dira harriak beste auzo batzuetan". Bestela, ez daude konforme Bidegik ematen dituen azalpenekin. "Erabakiak hartzen dituzte, baina ez digute inolako aukerarik ezta azalpenik ematen", azaldu zuten.

Notario-aktak egiteko premia

Autobideak kaltetutako taldeak aditzera eman du Bidegirekin lehenengo batzarrak egin zituztenean hainbat akordio egin zituztela. Horietako bat zen gehien kaltetuen litezkeen eraikinen notario-aktak egitea. Kaltetutako taldeak 40 bat eraikin zenbatu zituen, baina Bidegik hiru besterik ez zituen kontuan hartu.

Orain, kaltetutakoen taldeak, jazo diren dardarak eta pitzadurak aintzat hartuta, aditzera eman du "Bidegik arduragabekeriaz jokatu zuela eraikin horien notario-akta egin barik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak