Assa-Abloy multinazional suediarrak "Leverange and Growth" izeneko programa jarri du abian bere enpresatan. Eta horietako bat da TESA (Talleres Escoriaza Sociedad Anonima). Proiektuaren helburua da produkzioa areagotzea. Eta horretarako langile taldea murriztuko dute. Guztira 10.000 langile bota gura ditu Assa-Abloyk, horietatik 25 izango dira TESAko langileak. Eta bost izan ezik, Eskoriatzako lantegiko beharginak izango dira kaleratutako gainerako 20 lagunak. Hala ere, serrailak egiten dituzten enpresatik jakitera eman dute aurre erretiro hitzarmen bitartez iritsiko direla akordio batera langileekin.
Hazten jarraitzeko, inbertsioak
Martxan jarritako proiektu berriak inbertsio gehiago egitea ere ekarriko du. Assa-Abloyk salmenten %4 bideratuko du inbertsiotarako, eta ekoizpen planta modernoagoa eta eraginkorragoa izango dute Eskoriatzan hala. Kontua da multinazionalak serrailen merkatuko liderra izan gura duela. Horregatik, garapenean eta ikerketan indarra jarri eta 2010era arteko plan estrategikoari dagokionez inbertsio gehiago egingo dituzte Eskoriatzan.