2004ko martxoan jarri zituzten abian Torrebasoko mendixkako (Almenen alboan) ortuak. Lurzoru hori partzelatan banatu zuten, eta hogei bat egin zituzten.
Juan Luis Merino zinegotziak azaldutakoaren arabera, Udalak laster hobekuntzak egingo ditu: "Dagoeneko onartuta dago lehenengo partzela dagoen lekuan bi mahai handi jartzea, eta horietako bat markesina batekin estaltzea. Horrela, erretiratuek atseden hartzeko lekua izango dute, eta eguzkitan edo itzaletan egon ahal izango dira. Bi astetara bukatuta izatea gura dugu".
Udalak aditzera eman du oraindik hiru ortu libre daudela. "Interesatuek udaletxera jotzea besterik ez dute. Eskatu ahala adjudikatuko ditugu". Are gehiago, Merinok azpimarratu zuen erabiltzaileek ez dutela ezer ordaindu behar. Norberak haziak, aitzurra eta ureztontzia ekarri beharko ditu. Aldatzeko eta gauzak gordetzeko armairua, ur-putzua eta beste guztia Udalak jarri ditu.