Gabonetan askotariko ekintzak Eskoriatzan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2004ko abe. 17a, 16:30
Eskoriatzarrentzat hainbat ekimen antolatu dituzte neguko oporretarako. Hala, kontzertuak, Olentzero eta gaztetxoentzako jolas parkeak izango dira nagusi.

Gabonak gainean daude, eta askok jai izaten dute egun horietan. Eskoriatzan egongo da zer egin. Abenduaren 23an, esaterako, Musika Eskolako Bandak kontzertua eskainiko du. Datorren eguenean Gabonetako kontzertua emango dute San Pedro elizan 20:00etan hasita.

Hilaren 24an, aldiz, jai giroan bete-betean murgilduko da herria. Izan ere, 12:00etan herriko haurrak plazan elkartu eta Gabonetako kantak abesten arituko dira Eskoriatzako kaleetan zehar. Ordubete geroago, Trikitixa Eskolakoekin kalejira egiteko aukera izango dute herritarrek.

Gaztetxo asko Olentzero iristeko zain egoten dira urte osoan. Abenduaren 24an 13:00etatik 14:00etara izango dute ikazkinaren laguntzaileei eskutitzak emateko aukera. Arratsaldera arte, baina, Olentzero ez da herrira jaitsiko. 17:30ean egingo diote ongietorria. Urtero bezala, Apotzagatik etorriko da mendian bizi den ikazkina, eta, txistulari eta soinujoleekin batera, Olentzero kalez kale ibiliko da.

Bestalde, goiz eta arratsaldez herriko plazan gaztaina erreak jateko aukera egongo da. gabonetako parkea Urtea amaitzeko, hilaren 28an, 29an eta 30ean haur eta gazteentzako bi parke irekiko dituzte Intxaurtxuetako kiroldegian: bata kantxan (puzgarri, tailer, ludoteka, rokodromoa…) eta igerilekuan bestea (uretako puzgarriak). Aspertzeko arrazoirik ez dute izango eskoriatzarrek.

Gazte Asanblada

Bestalde, Eskoriatzako Gazte Asanbladatik jakinarazi dutenez, momentuz ez dute ekimenik antolatu Gabonetarako. Izan ere, Gaztetxean hainbat lan egiten dabiltza eta buru-belarri dihardute horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak