Urpekaritza titulu ofiziala lortzeko aukera izan da Udalak antolaturiko ikastaroan

Gorka Etxabe 2004ko eka. 24a, 19:19
Eskoriatzan urpekaritza ikastaroa egiten ari dira. Aurreko astean hasi ziren arlo teorikoarekin eta oraingo astean igerilekuan ari dira egiten urpekaritza. Eskoriatzako ikastaroko parte hartzaileek lortuko duten tituluarekin mundu guztian egin ahal izango dute kirol hori. Hasteko, baina, Mutrikuko kostaldea ikusteko aukera izango dute.

Itsaso gorria zoragarria ei da eta kantauri itsasoan ere badaude txoko ikusgarriak. Horiek guztiak ikusi nahian urpekaritza ikastaroa egiten ari dira 11 lagun Eskoriatzako kiroldegian. Udaleko kirol zerbitzuak antolatu du ikastaroa eta arrakasta polita izan du.

Mutrikuko “Buceo Euskadi” enpresakoak ari dira ikastaroa eskaintzen. Bi astean zehar burutu dute, aurreneko astean arlo teorikoa eta oraingoan praktikoa. Gaueko bederatzietatik aurrera elkartzen dira kiroldegiko igerilekuan eta, atzo bonbona eta guzti sartu ziren ur azpira. Kontua da, ikastaroan lortutako tituluak ahalbidetzen diela parte hartzaileei urpekaritza egitera mundu osoan.

Gehienez 30 metro behera egin dezakete

Ur azpian 30 metro behera egin dezakete gehienez. Igerilekuan ikasten dituzte zenbait teknika, eta arrisku unetan zer egin ere irakasten diete. Hain justu ere, Asier Linazisoso monitoreak adierazi digunez, “arrisku egoera horiek entrenatzea izaten da garrantzitsuena eta hori egiten dugu igerilekuan”.

Ikastaroan parte hartzen ari direnek bakarrik betaurrekoak, aletak eta tuboa erosi beharra dute. Gainerako materiala Mutrikuko enpresak alokatzen die. Itsasoan sartu gura duen edonorendako ere eskaintzen dituzte ikastaroak Mutrikun bertan, asteburuetan. Asierren esanetan ,“Kantauri itsasoan ere badaude leku zoragarriak ikusteko, kostaldetik oso gertu. Marrazoak ere badaude eta merezi du ur azpira jeistea”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak