AP-1ari jarritako alegazio gehienak ez ditu aintzat hartuko Diputazioak

Julen Iriondo 2004ko mai. 25a, 18:11
Hori salatu dute autobiak kaltetutako eskoriatzarren elkarteko kideek atzo Foru Aldundiko teknikariekin bilera egin eta gero. Bilera horretan entzundakoaren arabera «oso nabarmenak diren alegazio gutxi batzuk» baino ez ditu onartuko Diputazioak. Azken erabakia Ekainaren 1ean hartuko dute.

Diputazioko teknikariek Eskoriatzara egindako bisita eta gero haserre jarraitzen dute autobiak kaltetutako herritarrek. Batetik, atzo ikusitakoaren arabera eskoriatzarrek aurkeztutako alegazioetatik oso gutxi hartuko dituelako aintzat diputazioak; bestetik, denbora gehiegi behar izan omen dutelako Diputazioko teknikariek kaltetuen deiari erantzunez Eskoriatzara etortzeko, eta dagoeneko astirik ez ei dagoelako alegazioak behar den bezala aztertzeko. Izan ere, Aldundiko teknikariek ekainaren 1ean, astebete barru, emango diete alegazioen gaineko euren iritzia diputatuei, eta hauek egun horretan bertan hartuko dute azken erabakia. Hau ikusirik, kaltetuek epeak luzatzea eskatzen dute.

Euren lurrak inbaditu

Beste salaketa bat ere egin dute: alegazioen kontua airean dagoen bitartean Diputazioko topografoek euren lurrak inbaditzen jarraitzen dutela. Gainera, Zarimutz auzoan zenbait arbola moztu omen dituzte jabeei baimenik eskatu gabe.

Gauzak aldatzen ez badira autobiak kaltetutako herritarren elkarteak mobilizazioak deituko ditu datozen egunetan. Oraingoz eskutitzak bidali dituzte Diputaziora, Eusko Jaurlaritzara eta baita Lehendakariari berari ere.

Gaia, gaur, Goiena Telebistan

Haserre daude beraz Eskoriatzako herritarrak; bada, haserre hori erakusteko aukera izango dute gaur, asteartea, iluntzean Goiena Telebistan.

Izan ere, gaurko Goiena Herriz Herri saioan Diputazioko bi kide izango dira: Nestor Arana eta Koldo Azkoitia. Azken hau Foru Aldundiko bozeramailea eta Lurralde Antolamendu eta Sustapenerako diputatua da.

Diputazioko bi ordezkariok AP-1 autobiaren gainean ari dira lanean, beraz eskoriatzarrek aukera dute saiora deitu eta galderak egiteko. Gogoratu, beraz, Goienan Herriz Herri, gaur iluntzeko 20:30ean eta 22:30ean Goiena Telebistan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak