Aurreko asteko eguenean, martxoak 25, ohiko osoko bilkura egin zuten udaletxeko bilkura aretoan. Bertan, askotariko gaiak jorratu zituzten udal ordezkariek. Landutako gaien artean, 2004ko aurrekontua onartzea zegoen, eta halaxe egin zuten aho batez. Guztira 5.216.000 euroko aurrekontua izango du Eskoriatzako Udalak aurten, iazkoa baino %11 txikiagoa, 2003an ia sei milioi eurokoa izan zuen-eta.
Aurrera ateratzeko egitasmoak
Onartutako diruarekin hainbat proiektu jarriko dituzte martxan. 400 mila euro Santa Ana auzoa urbanizatzeko erabiliko dira. Beste 200 mila euro erabiliko dituzte kiroldegi inguruan dauden oztopo arkitektonikoak kentzeko. Barruan ere egingo dituzte lanak, kantxaren zorua berriztatu egin gura dute-eta, besteak beste.
Aurrekontuaren 120 mila euro Hiria Berriztatzeko Egitasmora bideratuko dituzte, eta beste 60 mila bideragarritasun planera. Bestalde, aurrekontuaren diruak hiru lanpostu sortuko ditu; bi finkoak izango dira: udaltzain eta liburutegi laguntzaile lanpostuak; eta beste bat behin-behinekoa: zerbitzu eta ingurumen teknikaria.
Elizateetarako hiru inbertsio
Herriko Udalak onartutako aurrekontutik 290 mila euro bideratuko dira elizateetara. Hiru inbertsio izango dira nagusiak. 100 mila euro egoera kaxkarrean dauden errepideak konpontzeko erabiliko dituztela adostu zuten osoko bilkuran.
Elizateetan hainbat lokal egin gura dituztela adierazi zen, eta egitasmoa aurrera ateratzeko, 60 mila euro bideratuko ditu Udalak Eskoriatzako auzoetara. Azkenik, telebista seinalea jasotzeko duten arazoari irtenbidea eman nahirik, 130 mila euro inbertituko dituztela jakinarazi dute udal ordezkariek. Aurrekontu horren barruan sartzen da Internet jasotzeko Wi-Fi sistema.