Ogi-mamien eguna ospatu zuen atzo Corazon de Encinak

Eneida Iturbe 2004ko mar. 22a, 10:08
Ogi-mamiak dastatzeko aukera izan zuten domeka goizean plazara hurbildu ziren lagunek. Extremadurako jaki tipikoa dira ogi-mamiak, eta horiek ezagutzera emateko helburua du ospakizunak.

Eskoriatzako plazara hurbiltzerakoan ogi-mami edo migen usaina hartzen zen atzo goizean. 11:00etan hasita eta bazkal ordura arte, Extremadurako jaki tipiko hori dastatzeko aukera izan zen. Arrasateko Corazon de Encina elkarteak antolatu zuen ospakizuna. Askotariko jendea egon zen plazan: batzuek inoiz probatu gabe zituzten ogi-mamiak eta beste batzuk, aldiz, ogi-mamiak gertatzen adituak ziren. Hori bai, guztiek ere gustura jan zituzten.

Corazon de Encinako kideak 10:00etan hastekoak ziren mahaiak antolatzen eta ogi-mamiak egiten. Gaizkiulertu baten ondorioz, baina, geroxeago hasi behar izan zuten. Hala ere, berehala moldatu zuten dena, eta laster ziren martxan kazolak. 12:30 aldera euria hasi zuen eta udaletxeko arkupeetara eraman zituzten mahaiak.

Mamiak ondo lagunduta

Ogi-mamiak, izenak dioen moduan, ogiaren mamiarekin egiten dira. Sukaldariek aurrez txikituta eraman zuten mamia, beraz, lan handiena egina zuten. Han, berakatzarekin lagunduta frijitu zuten mamia. Bestalde, hirugiharra eta piper-gorriak ere prestatu zituzten. Ogi-mamiekin batera ematen zituzten, zapore handiagoa izan zezaten.

Janari astuna dira ogi-mamiak. Batek baino gehiagok horiek janda bazkaldu gabe geratzeko moduan zela komentatu zuen. Extremaduran bazkaltzeko jaten dituzte edo bestela goizean, hamarretako gisa.

Ogi-mamiak ez dira Extremadurako janari tipiko bakarra. Hor daude bildotsarekin egindako Caldereta, txerrikumearekin egindako Peladilla edo gazpatxoa ere. Atzo ez zen halakoak dastatzeko aukerarik izan, baina bai Extremadurako zenbait produktu. Urdaiazpiko eta solomo iberiarra, olibak, eskuhori edo altramuzak eta ahuntzaren esnearekin egindako gazta jarri zituzten salgai. Han bertan jateko pintxoak eska zitezkeen, eta baita etxera eramateko ere.

Urtero antolatzen dute

Corazon de Encina elkartea 90eko hamarkada hasieran sortu zuten Arrasaten bizi diren zenbait extremadurarrek. Duela zortzi urte hasi ziren ogi-mamien eguna antolatzen, eta ibarreko herrietan egiten dute, txandaka. Atzokoa Eskoriatzan egin duten bigarren aldia izan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak