Abenduaren 14an inauguratuko dute Apotzagako parrokia

Mirari Altube Arrese 2003ko abe. 10a, 16:49
Kanpoaldetik eta barrualdetik konpondu dute Apotzagako parrokia. Urte bi iraun dute zaharberritze lanek eta 260 mila euroko kostua izan dute. Dagoeneko bukatu dituzte, eta abenduaren 14an izango dute inaugurazio ekitaldia, 12:30ean.

Egoera eskasean zegoen Apotzagako eliza. Aspaldian konponketa lanik egin barik teilatua behera zetorkion eta barrualdean hezetasunaren erruz hainbat arazo zeuden. Hori horrela elizaren hormak pikatu egin dituzte, eta zarpiatu; gangako harriak garbitu, argiztapena berritu, egurrezko lurzorua garbitu eta zati txarrenak berritu egin dituzte; erretaula leundu eta sitsen eta pipien kontra babestu dituzte, eta jarlekuak konpondu.

Kanpoaldeari dagokionez guztiz berritu dute teilatua. Euri urari hodiak jarri dizkiote eta lau farola jarri dituzte elizaren lau alboetan. Baranda berria ere jarri dute, eta elizaren inguruan belarra landatu dute metro eta erdi inguruko pasilloa utzita erdian.

260 mila euroko aurrekontua

Urte bi iraun dute zaharberritze lanek, eta 260 mila euroko gastua izan dute. Auzotarrek dirua jarri dute, baina gastu handi horri aurre egiteko erakundeen laguntza behar izan dute: Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gotzaitegiak eta Eskoriatzako Udalak lagundu diete, hain zuzen.

Inaugurazio ekitaldia

Gotiko eta erromaniko arteetakoa da Apotzagako parrokia. Hala uste du, behintzat, Jose Ramon Beitia auzotarrak. San Migel goiaingeruaren irudia dauka aldare inguruan, eta hura da, hain zuzen, auzoko zaindaria. Domekan, hilaren 14an, egingo dute berritze osteko inaugurazio ekitaldia, 12:30ean izango da, eta Joan Maria Uriarte Donostiako elizbarrutiko gotzaina etorriko da meza esatera. Mezaren ostean bazkaria egingo dute Auzo-etxe elkartean. Apotzagan jaiotakoak, bertan bizi direnak edo auzoarekin harremanen bat dutenak daude gonbidatuta, eta oraindik zabalik dago izena emateko epea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak