Zuloz josita zegoen eta konpondu dute Asentzioko bidea

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko eka. 23a, 11:16

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egin ditu lanak Elgetako Udalak. Erabiltzaileei gogorarazi diete hezegunea babestutako gunea dela eta ezin dela bertan autorik aparkatu. Araua betearazteko neurriak hartuko ditu Udalak.

Leku berezia da Asentzion inguruko gehienendako eta aspaldian oso hondatuta zegoen hezegunerako bidea. Itxura berria du orain; izan ere konponketa lanak egin dituzte bertan.

Elgetako Udalak 2016ko aurrekontuan onartuta zeukan inbertsioa zen honakoa eta Foru Aldundiaren diru-laguntzarekin egin berri dute. Gutxi gorabehera 50 bat tona harea erabili dituzte. "Lehen zegoen harea berdinarekin estali dira zuloak eta halako zapaldu bat eman zaio bideari. Oraingoz oinezkoak ibiltzeko ondo gelditzen da baina hemen kamioiak ere ibiltzen dira eta arazoak emango ditu gero ere", azaldu du Baserritarrak eta Tokiko Garapena Saileko arduradun Sebastian Arantzabalek. "Espazioa espeziendako gune babestu izendatu zutenean aldatu zen hemen lehen zegoen asfaltoa orain dagoen harearengatik. Diru-laguntza batzuk jaso ziren eta zorua aldatu zitzaion bideari. Oinezkoendako ondo dago, baina hor dauden basoetako egurrak-eta ateratzen direnean zuloak egiten dituzte kamioiek. Aurrerantzean ere noizean behin konponketak egin beharra izango dela seguru".

Egin berri diren lanek 3.500 euroko aurrekontua izan dute. Inbertsioaren %60 Foru Aldundiak hartu du bere gain, eta %40 Udalak.

Konponketak baserri bide gehiagotan

Elgetako Udalak beste hainbat bide konpondu ditu aurten Baserritarren eta Tokiko Garapen Sailetik. "Konpondu dira Egoarbitza ingurua, Txulokuarako bidean ere aldaketa batzuk egin dira eta Iturbe-Etxeberrikoa bidea asfaltatu da. Hurrengo urtera begira Azulako bidean konponketak egitea aurreikusten dugu eta baita ere Mendrakorta baserrirako bidean. Gazte batzuk jarri dira bertan bizitzen eta lehenengo konponketa fase bat egiteko asmoa ere badago", esan du Arantzabalek.

Asentzion ezin da aparkatu
 
Asentzioko hezeguneari dagokionean Udalak badu kezka bat. Gune babestua da eta ezin da bertan autorik aparkatu. Askotan, ordea, jendeak ez du arau hori errespetatzen ,eta neurriak hartzeko asmoa dutela adierazi du Arantzabalek. "Hasieran seinale bat badago aparkatzea debekatzen duena, baina seinalizazio aldetik bagabiltza aztertzen zerbait eraginkorragoa jartzeko eta gero zaintza. Ertzainek egin beharko dituzte buelta batzuk autoak hemen ez daitezen sartu barrura. Hau ez da autoendako aparkalekua. Nahikoa toki dago kanpoan eta hori pixka bat babesteko ere ahaleginak egingo ditugu", jakinarazi du zinegotziak.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak