Konpostaren gaineko jardunaldiak egingo dituzte datorren astean

Eneko Azurmendi 2017ko eka. 9a, 10:00
Joseba Sanchez gaiaren inguruan iaz egindako tailer praktiko batean, herritarrei auzo-konpostagune bat erakusten.

Hondakinak kudeatzeko sistema honi buruzko jardunaldiak antolatu ditu Udalak ekainaren 14rako eta 15erako; lehenengo egunean konpostaren nondik norakoak azalduko dira eta bigarrenean, berriz, konpost-guneak izango dira aztergai.

Konpostaren inguruko jardunaldiak izango dira datorren astean Elgetan. Ekainaren 14an, eguaztena, konpostaren inguruko hitzaldi bat egongo da udaletxean, 18:00etan. "Konposta zer den, zela egiten den eta zela hobetu daitekeen azalduko da hitzaldian. Horrez gain, herritarrek konposta eramateko aukera izango dute eta konpostaren kalitatea neurtu eta aztertuko dugu", adierazi du Iraitz Lazkano alkateak.

Ekainaren 15ean, eguena, herriko konpost-guneetara bisita gidatua egingo da, 18:00etan plazatik abiatuta. Konpost-guneetan sortzen diren arazoei konponbide errazak aurkitzea da asmoa. "Egon daitezkeen arazoak identifikatzea eta hauei konponbidea bilatzea izango da helburua. Erabiltzaileek esan digute bereziki leku batzuetan arazo batzuk egon direla. Dagoeneko hartu ditugu neurri batzuk, baina berriro gertatuz gero, bertakoei azaltzea gura diegu horrelako kasuetan zer egin daitekeen", azaldu du Lazkanok.
Konpost-guneetan dagoen ohiko arazoa, alkatearen esanetan, urarena da. "Arazo nagusietako bat urarena da, lixibiatuarena. Hau da, lurrera joan beharrean, alboetatik ateratzea. Hau pasatzen da gehiegi trinkotzen delako, ez dagoelako estruktura material nahikorik. Beraz, ura behera joan beharrean, alboetatik ateratzen da, ahal duen lekutik. Eta horrek usain txarra dauka, zapatiletan itsatsi egiten da.... ", dio Lazkanok.

Azpimarratzekoa da Elgetako Udalak Joseba Sanchezek kudeatzen duen Luar enpresaren laguntza izango duela aurrerantzean konpost-guneen egoera hobetzeko. Beharraren arabera, "hilean behin edo bi astetik behin" egingo du konpost-guneen azterketa hori Udalak.

Erabilera handia

Alkateak nabarmendu nahi izan du Elgetak jasotzen duen konpost kopurua "oso altua" dela. "Leintz Gatzagaren atzetik, Debagoienean konposta gehien jasotzen duen herria da Elgeta, biztanleko eta urteko 32 kilo hondakin kudeatzen ditugu sistema honen bitartez. Kopuru oso altua da hori, familien heren bati eragiten die. Kopurua, gainera, mantendu egiten da", adierazi du.

Sortutako konposta baratze guneetan, eskolan eta partikularren zereginetarako erabiltzen da. “Elgetan konpost gutxi sortzen da, erabiltzen den konpost kantitate kopurua kontuan hartuta. Jendeak gehiago nahi du, bereziki orain udaberrian”, jakinarazi du Lazkanok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak