Tomate landarearen zainketari buruzko tailerra astelehenean Elgetako baratze parkean

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko mai. 5a, 09:00
Erabiltzaileak, eguaztenean, Elgetako baratze parkean.

Herritar guztiei zabalik, ordu eta erdiko iraupena izango du saioak eta zainketa ekologikoa izango du oinarri.

Badator tomate-landareak zaintzeko urte sasoi eta Elgetako Udalarekin elkarlanean ordu eta erdiko tailer praktikoa eskainiko du Baratze Parke Sareak. Astelehenerako, maiatzak 8, iragarri dute. Elgetako baratze parkean egingo dute, 18:00etan hasita.

Tailerra elgetar guztiei dago zabalik eta doan da. Herrian aurretik ere ezagunak diren Aitziber Sarobek eta Mitxel Igarataundik gidatuko dute saioa. "Oraintxe dator tomate-landareak zaintzeko sasoia", azaldu du Kutxa Ekoguneko Landa garapen jasangarriaren arduradun Amalia Virtok. "Tailer praktikoa izango da. Landareak eramango ditugu, landatu egingo ditugu, ikusiko dugu nola kimatu behar diren eta baita ere nola ureztatu behar diren...".

Tomate-landarearen hainbat barietate banatuko dituztela ere jakinarazi du Virtok. "Elgetako baratze parkean egin nahi dugu tailerra. Erakutsi beharrekoak pantaila batean ikusi beharrean bertatik bertara erakustea da asmoa. Hori bai, eguraldi oso txarra egingo balu udaletxeko osoko bilkuren aretora mugituko genuke saioa".

Virtok dio tomate-landarearen zainketaren inguruan beti sortzen direla galdera ugari: "Horiek ere argitzen saiatuko gara, noski. Landareen artean utzi behar den distantzia dela, izozteak direla, sor daitezkeen arazoak direla... ".

Elgetak, bestalde, bere kokapena dela-eta baditu baratze lanetarako kontuan hartzea komeni diren zenbait ezaugarri.  "Komeni izaten da, esaterako, landaketa berandutzea azken orduko izozteren bat ez harrapatzeko. Saiatuko gara galdera horiek ere erantzuten", dio Virtok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak