Adostasuna herritarren interesak defendatzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko mar. 30a, 14:03

Azken osoko bilkuran Gueñes-Itsaso tentsio lerro elektrikoaren ingurukoak izan ziren aztergai nagusi. Ez dela beharrezkoa iritzi diote EH Bilduko ordezkariek, bai ordea Gu Geu Elgetakoek. Adostu dute elgetarren interesak ahalik eta ondoen defendatzea.

Goi-tentsioko lerro elektriko berriarekin lotutako bi mozio onartu zituen Elgetako udalbatzak martitzenean egindako osoko bilkuran. EH Bilduko udal taldeak aurkeztutakoa lehenengo eta EH Bilduko ordezkarien babesa jaso zuena, eta Gu Geu Elgeta udal taldeak aurkeztutako mozio alternatiboa ondoren. Kasu honetan aho batez onartu zuten zenbait termino negoziatu ostean.

EH Bildutik proiektuarekiko desadostasun irmoa adierazi dute. Sinistuta daude ez dagoela horrelako lerro elektriko berri baten beharrik badagoelako aurretik Gueñeseko eta Itsasoko azpi estazioak lotzen dituen 400 kilovolteko beste lerro elektriko bat. Nabarmendu dituzte, gainera, proiektuak osasun, ingurumen, jendarte eta ekonomia ikuspuntutik eragiten dituen kalteak. Gu Geu Elgeta udal taldeak, ordea, uste du proiektua badela beharrezkoa eta prozesuaren fase honetan gainera kontra egiteak ez duela eraginik izango proiektua bere honezkero onartuta dagoelako. Helegiteak aurkezteko unea dela uste du oposizioak eta horrekin batera Udalaren eta kaltetutako herritarren interesak ahalik eta ondoen defendatzeko unea.

Azken puntu horretan egin zuten bat bi talde politikoetako ordezkariek. Iraitz Lazkano alkateak nabarmendu zuen udal gobernu taldeak hainbat urrats eman dituela zentzu horretan, eta horretan jarraitzeko asmoa dagoela. "Batetik informazio bulego bat jarri dugu martxan. Udal webgunearen zein sare sozialen bitartez ere eman dugu daukagun informazioaren berri. Bestetik, interesa eduki duten herritar denekin eduki ditugu bilerak —nik pertsonalki— eta beraien lurren inguruan nahi izan duten edozein informazio eskaini zaie. Red Electrica de Españarekin ere bilerak egin ditugu helegiteak jarri aurretik  ikusteko beste zein bide jorra daitekeen". Alkateak jakinarazi du gaiarekiko jarraipen zorrotza egiten ari direla eta helegite teknikoak prestatzen ari direla. Horiek aurkezteko epearen luzapena ere eskatu zuen Udalak.

Hilerriko lurperatze tasa garestiago

Hilerriko lurperatze zerbitzuaren tasa eguneratzeko erabakia ere hartu du udalbatzak. Erabakiak behin betiko onarpena lortutakoan 358,80 euro ordaindu beharko da zerbitzu hori —orain arteko prezioa zen 206 euro—. "Modu batean ematen zen zerbitzu hori orain arte eta hainbat konturengatik beste enpresa batekin egin beharra edukiko dugu aurrerantzean. Kostua nabarmen handiagoa da", esan du Iraitz Lazkano alkateak. "Lehentasunezkoa ikusten genuen aldaketa ematea bestela Elgetako Udala kostatzen zaiona baino ia erdia gehiago ordaintzen egongo zen lurperatzeagatik". Lurperatze tasari dagokio eguneraketak. "Zintzilik daukaguna da hilerrian egon daitezkeen bestelako zerbitzuei ere tasa bat ipintzea, eta pixka bat ordenatzea. Adibidez, hilobitik ateratzea".

Altsasuko gertakariak

Urrian Altsasuan izandako gertaeren inguruko mozioa bat ere aho batez onartu zuen Elgetako udalbatzak martitzenean. Terrorismo delitu batengatik auziperatutako gazteei elkartasuna adierazi eta prozesu hori Entzutegi Nazionalean beharrean Iruñeako auzitegian egin beharko litzatekeela adierazi du aho batez udalbatzak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak