goiena.eus

36ko gerran hildako elgetarrak omenduko dituzte, aurten, apirileko ekitaldian

 Elgeta

Intxortako frontearen errekreazioaren osteko omenaldian herriko biktimak izango dituzte, aurten, gogoan. Borrokaldien 80. urteurrenean bertakoek bizi eta galdu izandakoari erreparatuko diote 'inpunitateari tolerantziarik ez!' aldarrikatzeko. Apirilaren 23rako iragarri dituzte ekitaldi nagusiak.

36ko gerran hildako elgetarrak omenduko dituzte, aurten, apirileko ekitaldian
Lore eskaintza, iaz, Elgetako biktima zibilei eskainitako oroitarrian. | Ikusi handiago | Argazki originala

Intxortako fronteko borrokaldien errekreazioak badu eguna; apirilaren 23a. Baina ez da bakarra izango. Antolatzaileek lau eguneko egitarauaren berri eman dute. Hainbat erakundek hartzen dute parte antolaketan, bereziki Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 kultur elkarteak.

Jakinarazi dute Elgetako biktimak omenduko dituztela aurten errekreazio osteko ekitaldian. Errekreazioa 11:30ean izango da lubakien gunean eta omenaldia 13:00etan frontoian. Udalak, oraingoz, 25 bat biktimaren berri jaso du. "Frankismoaren krimenen aurkako kereilarako testigantzak jasotzeko zabaldutako bulegoan kasu gehiagoren berri izan dugu, eta ikertzen jarraitzen dugu", adierazi du Iraitz Lazkano alkateak. "Erraza izango da kasu batzuk ihes egitea, baina horretan ari gara".  Gizonak zein emakumeak omenduko dituzte, eta biktima zibilak zein frontean hildakoak. "Ekitaldia dimentsio handia hartzen ari da herritik kanpora, eta 80. urteurrena den honetan herriari eman nahi diogu protagonismoa", esan du Lazkanok.

10:00etan hasiko dira ekintzak apirilaren 23an. Hamarretakoa eta gerra sasoian oinarritutako antzezpen txikiak izango dira hasteko. Gudariak eta milizianoak 11:00etan abiatuko dira herriko plazatik lubaki gunera eta 11:30ean hasiko da Intxortako borrokaldien errekreazioa. Amaitutakoan manifestazioan jaitsiko dira atzera ere herrira errekreazioko parte-hartzaileak zein arduradun politikoak Frankismoaren inpunitateari tolerantziarik ez dioen pankartaren atzean. Omenaldia 13:00etan hasiko da frontoian. Karrika antzerki taldea eta Joseba Tapia izango dira bertan. Amaitzeko, herri bazkaria egingo dute frontoian.

Lau eguneko egitaraua

Urteurreneko ekintzak, baina, eguenarekin hasiko dituzte. Hasteko eta behin herrian dagoen materialarekin Elgoibarren egindako Memoriaren ganbaratik ikus-entzunezkoa emango dute.

Barikuan, apirilak 21, Robert Egby eta Nicholas Rankin idazleek hitzaldia egingo dute Elgetan. "Lanketa egin dute 36ko gerraren inguruan eta zenbait eleberri dituzte idatziak gaiaren inguruan", esan du Lazkanok.

Omenaldiaren bezperan ez da aurten kontzerturik izango, bai ordea urteroko elektrotxaranga eta 43º13'44'N izeneko antzezlanaren bi emanaldi. Olatz Gorrotxategi bilbotarrak zuzendutako formatu txikiko antzezlana da. Frankismo garaian desagertu eta etxera inoiz itzuli ez diren pertsonen bilaketa du ardatz. Zapatuarekin, gainera, gerra garaiko Elgeta ezagutzeko bisita gidatu berezia egiteko aukera izango da herrian.

Boluntarioak behar dituzte

Antolatzaileek jakinarazi dute boluntarioak behar dituztela apirilaren 23ko errekreaziorako. Ehun bat lagun behar dituzte, eta beste hogei bat bestelako lanetan laguntzeko. Interesatuek udaletxean jasoko dituzte argibide gehiago: 943 76 80 22  edo turismoa@elgeta.eus.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa