goiena.eus

Emakumeen lana eta indarra ikusarazteko eguna izan zen atzo

 Elgeta

Festa, jolasa eta aldarrikapena bateratu zituzten atzo Elgetan egindako Martxoaren 8ko ekintzetan. Emakumeek bizi duten errealitatea ikusarazteko eguna izan zen, tartean gizartean ematen diren desorekak. Aldarrikapen eguna ez zen Elgetako neska-mutikoendako oharkabean pasa, ez eta helduendako ere.

Emakumeen lana eta indarra ikusarazteko eguna izan zen atzo
Elgetan atzo Martxoak 8 egindako elkarretaratzea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Kolore morea nabarmendu zen atzo, Martxoak 8n, Elgetan. Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko morez janzteko eskaera jaso zuten Herri Eskolako ikasleek, eta gaiarekin lotutako ekintzak egin zituzten egun osoan zehar. Ipuinak eta ikus-entzunezkoak ikusteaz gainera Mikel Markezen Konplize ditut kantua abestu eta talde argazkia atera zuten eguerdian.

Arratsaldean eskuz egindako paperezko lore banarekin irten ziren eskolatik maite duten emakume bati oparitzeko. Pozik hartu zuten detailea hainbat emakumek.

17:30ean bestelako eragileek hartu zuten lekukoa. Gaztelekuko neska-mutikoek egindako pankarta zintzilikatu zuten udaletxeko balkoitik, eta pista bila ipini zituzten hainbat ume Altxorraren bila jokoaren bitartez. Topatutako esaldi zatiekin esaldi osoak osatu behar izan zituzten, eta elkarretaratzerako prestatutako pankartan ipini zituzten. Hiru izan ziren: "Berdintasunaren bidean atzerapausorik ez!"; "Jaiotzaz ez gara arrazistak, matxistak, homofoboak edo sexistak. Zer gertatzen zaie batzuei gero?"; eta  "Kalean aske ibiltzea dut helburu, ez ausart!".

Hala, egin zuten kontzentrazioa. Txalo artean eman zioten amaiera ekitaldiari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa