goiena.eus

Hainbat ekintza Emakumearen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko, Elgetan

 Elgeta

Herri Eskolako haurrek ekintza bereziak egingo dituzte eguaztenean, eta Udalak altxorraren bila, txokolate-jana eta elkarretaratzea deitu ditu arratsalderako.

Hainbat ekintza Emakumearen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko, Elgetan
Iaz Emakumearen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko Elgetan egindako elkarretaratzea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Eguaztenerako –Martxoak 8–, Emakumeen Eguna aldarrikatzeko, ekintzak iragarri dituzte herriko hainbat eragilek.
Herri Eskolako zuzendaritzak jakinarazi du gela guztietako neska-mutikoekin landuko dutela gaia. Ipuinak edo pelikulak erabiliko dituzte ikasleen artean gaiaren inguruko gogoeta pizteko. Horrekin batera, ikasle bakoitzak kolore moreko lore bat egingo du berak aukeratutako emakume bati opari egiteko. 12:15ean, berriz, Mikel Markezen Konplize ditut abestia kantatu eta talde argazkia aterako dute eskolan.

Arratsaldeko ekintzak

Udalak elkarretaratze isila deitu du 19:00etarako. Aurretik, 17:30ean, Altxorraren bila jolasa egingo dute, non parte hartzaileek esaldi zatiak aurkitu beharko dituzten. Esaldi zati horiekin esaldi osoak egin beharko dituzte, gero elkarretaratzeko pankartan ipintzeko. 18:30ean, bestalde, txokolate-jana eskainiko du Udalak plazan.

Udal gaztelekuko neska-mutikoek ere landu dute gaia, eta kartela prestatuko dute aste bukaera honetan Martxoaren 8an udaletxeko balkoian zintzilikatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa