Etxebizitza tutelatua bi plazakoa dela jasoko dute baldintza orri berriek

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko mar. 2a, 14:09

Ekainean amaitzen da Elgetako eguneko zentroa bere baitan hartzen duen zentro balioanitzaren ustiaketarako indarrean dagoen esleipena. Hala, martxan da berritzeko prozesu irekia. Udalbatzak aho batez onartu du baldintza oinarrien egokitzapena.

Elgetako udalbatzak martitzenean egin zuen otsaileko ohiko osoko bilkura. Udal ordezkariek hartutako erabakien artean, herriko eguneko zentroa bere baitan hartzen duen zentro balioanitzarekin lotutakoak daude. Udal idazkari Gotzon Goikoetxeak azaldu zuen ekainean amaitzen dela indarrean dagoen ustiaketa esleipena, Eulen enpresarekin hitzartutakoa. Hala, berritu egin beharra dago. "Esleipena berritzeko prozedura hasi da, eta prozesu irekia da. Gipuzkoako buletinera bidaliko dugu deialdia, nahi duenak eskaintza aurkezteko", esan zuen udal idazkariak. "Edozeinek har dezake parte, betiere, bere gaitasuna zehazten eta egiaztatzen badu". Esleipen berria egiteko baldintza orrietan bi aldaketa egin ditu Udalak. "Agertzen zen tutelatutako etxebizitzan hiru plaza genituela, eta egia da hasiera batean hiru plaza edukitzeko diseinatu zela, baina osasun arlotik jasotako betebeharrak direla-eta geletako bat biltegi moduan erabiltzera derrigortuta egon gara, eta, horren eraginez, bi plaza dira benetan eskaintzeko dauzkagunak. Horrela jarriko dugu esleipenerako oinarrietan", azaldu zuen Iraitz Lazkano alkateak.

Bigarren aldaketa euskararen erabilerarekin lotutakoa da. "Esleipenerako oinarrietan hutsune bat dagoela ikusi genuen. Proposatzen dugu idatzita jasotzea zerbitzua emateko orduan euskara lehenetsiko dela ahoz zein idatziz, erabiltzailearen hizkuntza eskubideak errespetatuta, betiere (...) Barne eta komunikazio atalean, berriz, gehituko dugu edozein jarduera egiten denean ahozko nahiz idatzizko komunikazioan euskara erabiliko dela". Udalbatzak aho batez onartu zuen esleipenerako oinarrietan bi aldaketok egitea.

Partaidetzarako erakundea

Udalbatzaren bigarren erabakia izan zen Gipuzkoako herritarren partaidetzarako erakunde arteko espaziora atxikitzea. "Foru Aldundiak prozesu bat egin du partaidetzaren alorrean, eta ideia da herrien arteko partaidetza bultzatzeko sare bat osatzea", azaldu zuen Lazkanok. "Foro horretan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez atxikipena adieraztea". Udalbatzak aho batez eman dio onespena egitasmoari. Iraitz Lazkano alkateak, dena den programa horri lotutako baliabide ekonomikoekiko gogoeta egin zuen. "Zeharo interesgarria iruditzen zait, baina badauzkat nire zalantzak uste dudalako parte hartzeko lerro horiek joan behar dutela oso lotuta egokitzen zaizkien diru kopuruetara. Parte hartzea diru gutxirekin egitea nekeza da, prozesu luzeak eta garestiak izaten direlako. Diru-lerroak murriztuz espazio horiek hankamotz gelditzeko arriskua ikusten dut".

Otsailaren 18ko gertaera

Galderen txandan, Gu Geu Elgetako ordezkari Mikel Larreak galdetu zuen Udalak zer-nolako jarraipena egin dion otsailaren 18an kafe antzoki pareko semaforoan gertatutakoari. Alkateak erantzun zion Udala kaltetuekin, eguneko antolatzaileekin eta kafe antzokiko arduradunarekin elkartu dela. "Kaltetuek beraien ondoeza transmititu digute, normala den moduan, eta salaketa ipinita dagoela. Bagabiltza jarraipena egiten (...) Antolatzaileekin ere elkartu gara. Gerora ere adierazi dute ez dutela gertaera horrekin inongo zerikusirik. Spaloitik ere berdina adierazi dute". Udala Ertzaintzarekin harremanetan dela esan du alkateak, baina oraingoz ez dagoela bestelako informaziorik; "Ez nor izan den ez zigorra zein izan daitekeen". Udal gobernuak argi duena da "eraso larria" izan dela, eta ez dagokiola Udalari beste batzuetan egin izan den moduan zigor bat ipintzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak