Euskal Inauteriko dantzak izango ditu ardatz domekako Herrixa Dantza saioak Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko ots. 24a, 11:00
Herrixa Dantzan ekimeneko saio bat Elgetako Spaloia kafe antzokian.

Otsaileko Herrixa Dantzan Inauteri-domekarekin etorri da aurten, eta Inauterietako dantzekin osatuko du Patxi Monterok errepertorioa. Polita eta desberdina izan daitekeela uste du.

Domekarako, hilak 26, saio berezia prestatu du Herrixan Dantzan ekimeneko arduradun Patxi Monterok. "Euskal Herriko hainbat lekutan propio Inauterietakoak diren dantzak egingo ditugu domekan. Guztiak ez baina batzuk egokiak dira gurea bezalako saio baterako, eta hainbat aukeratuko ditut dantzan ondo pasatzeko tarte bat izan dezagun. Ez dira dantza zailak izango, momentuan ikasteko modukoak izango dira guztiak", adierazi du.

Nongo dantzak aukeratu dituen galdetuta esan du guztiak direla Euskal Herrikoak. "Batzuk gertukoak izango dira, adibidez Eibarko koko-dantzak edo kaldereroak, Bergarako eta Antzuolako sorgin-dantza, Aretxabaletako txino-dantza...  Baina urrutiago ere joango gara:  Zuberoako bralea oso berezia da, Behe-Nafarroan eta Lapurdin ere dantza asko dituzte... Batzuk oso ezagunak izango dira askorendako —Lantzeko zortzikoa kasu—, eta beste batzuk ziurrenik jende gehienak inoiz ikusi ez dituenak izango dira, baina jatorrizkoak diren herrietan Inauterietan egiten direnak".  

Euskal Herriko dantzak ikastearekin bat euskal kulturaren gainean ere gehiago ikasteko aukera izango da domekan Elgetan. "Aletxo bat izango delakoan nago; izan ere Inauteriarekin gaur egun bizi duguna inkontzientzia handia dela uste dut. Ezjakintasun handia dago. Ospatzen dugu baina erabat galduta daukagu zentzua, eta ez dugu esanahia ezagutzen. Esango nuke, gainera, berdina gertatu dela neguko jai gehienekin: arimen gaua, Gabonak, Inauteria... Bizi ditugu kontsumismoan eta zentzugabeko ospakizunetan sartuta, baina badute bere zentzua eta Inauteriak ere bai. Bere neurrian baina zentzu hori berreskuratzera eraman dezaketen ekimen txiki guztiak ongi etorriak direla uste dut nik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak