goiena.eus

Oroimena lantzeko saioak laster Elgetako eguneko zentroan

  Osasuna  Elgeta

Zerbitzuak eskaintzen dituen plaza guztiak beteta egonik arlo kognitiboa lantzeko premia duten herritarrendako eskaintza berezia ipini gura dute martxan arduradunek. Interesatuek eguenera arteko epea dute udaletxean izena emateko.

Oroimena lantzeko saioak laster Elgetako eguneko zentroan
Elgetako zentroko erabiltzaile taldea Ane Etxeberria laguntzailearekin. | Ikusi handiago | Argazki originala

Azken urteetan gora egin du nabarmen Elgetako eguneko zentroko erabiltzaile kopuruak. "Orain bospasei urte beherakada handia eduki genuen", azaltzen du udal ongizate saileko arduradun eta eguneko zentroko langile Mirari Larrañagak. "Erabiltzaile bakarra izatera heldu ginen uda batean, eta Elgetan bakarrik ez egoteko enpresa berdinak kudeatzen duen Antzuolako zentrora eramaten genuen erabiltzaile hori".

Elgetako zentroak zazpi plaza ditu, eta gaur egun zortzi erabiltzaile ditu. Horietako batek eguerdiko bazkari zerbitzua bakarrik erabiltzen du. Horrez gain bi lagun daude itxaron zerrendan. Udalak plaza kopurua handitzerik dagoen aztertzeko eskaera luzatu dio Diputazioari.  "Jakin nahi dugu ea modu batera edo bestera zerbitzua zabal dezakegun. Zaila izango da hor metro karratuen araberako ratioak egoten direlako, baina itxaron zerrenda dugu eta zer egin aztertzea gura dugu", dio Larrañagak.

Antzuolan oroimena lantzeko tailerrak egiten dituzte eta emaitza oso ona dela dio udal arduradunak. "Itxaron zerrendan dugun pertsonetako batek badu premia hori, eta zerbitzua emateko moduetako izan daiteke. Eskaintza, dena den, irekia da. Bost laguneko gutxieneko taldea behar dugu tailerra martxan jartzeko".

Bina orduko hamar saio

Elgetako eguneko zentroan eskaini gura dituzten oroimena lantzeko saioetan adimen kognitiboa estimulatzeko dinamikak egingo dituzte. Zentroko terapeutak gidatuko ditu saiook, eta izenematea zabalik da udaletxean hilaren 23ra arte. Bi orduko hamar saio izango dira —astean bat—, eta doan parte hartzaileendako. Egutegia parte-hartzaile kopuruaren eta aukeren arabera zehaztuko dute. Argibide gehiagorako deitu 943 76 80 22 telefono zenbakira.

---

Mirari Larrañaga: "Beharra gero eta handiagoa izango da"

Elgetako gizarte-ongizate zinegotzia da Larrañaga eta eguneko zentroko langilea ere bai. Zentroak egun osoko zerbitzua ematen dutela azaldu du.

Beteta dago, orduan, Elgetako eguneko zentroa.
Pentsatzekoa da zerbitzuak gero eta erabiltzaile gehiago izango dituela. Gure gizartea nagusitzen ari da. Elgeta ez da salbuespena. Gertatzen ari da.

Nondik datoz egungo erabiltzaileak?
Bost erabiltzaile elgetarrak dira, bat Angiozarkoa eta bi eibartarrak. Herritarrek lehentasuna dute beti, baina erabiltzaile batek plaza hartzen badu ezin zaio kendu, eta uste dut beharra gero eta handiagoa izango dela.

Egun osoko zerbitzua da?
Zentroa 09:30etik 17:00etara dago martxan, eta aurretik eta ondotik garraioa egiten dugu. Terapeuta astean behin etortzen da eta aste osorako ekintzak prestatzen ditu. Bazkari, siesta eta dutxa zerbitzuak ere badaude.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa