Elgetako lau lekukotasun berri Frankismoaren aurkako Argentinako kereilan aurkezteko

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko ots. 15a, 18:12
Testigantzen bulegoko arduradun Ainhoa Bernabe Elgetako udaletxean.

Udalak jakinarazi du testigantzak jasotzeko bulegoa beste bi astez egongo dela zabalik.

Urtarrilaren 16tik zabalik dagoen bulegoan lau testigantza berri  jaso ditu Elgetako Udalak Argentinako auzian kereilari gisa aurkezteko. "Gerra garaiko krimenak salatu dira. Bi bideoz jaso ditugu eta bi idatziz", azaldu du Ainhoa Bernabe teknikariak. "Alaba batek bere aitaren fusilamendua salatu du eta baita osaba baten desagerpena ere. Beste familia batek bi anaiaren espetxeratzea eta baserria erre izana salatu ditu". Kasu horietako batzuk ezagunak zirela dio Bernabek baina beste batzuk ez, eta guztiak zeudela salatu barik eta kereilan sartu barik. "Oso pozik gaude bulegoak izan duen harrerarekin. Eskerrak eman nahiko genizkieke gerturatu diren guztiei, batez ere bihotza eta etxeko ateak zabaldu dizkiguten biktimei eta senitartekoei".

Beste bi astez zabalik

Udalak jakinarazi du beste bi astez egongo dela zabalik bulegoa. "Salaketa aurrera doala ikusita akaso oraindik pausoa eman ez duten biktimak animatuko dira etortzera", dio Bernabek; izan ere diktadura garaiko krimenen gaineko testigantzak ere jasoko nahiko lituzke Udalak. "Badakigu Frankismo garaian egon zirela krimen gehiago: espetxeratzeak, torturatuak…  Oraingoz ez da inor horrelakorik salatzera etorri".

Bulegoa urtarrilaren 16an zabaldu zuten eta berez bariku honetan amaitzen da hasiera batean testigantzak jasotzeko ipinitako epea. "Lehenengo bi asteetan ez zen inor gerturatu eta azken bi asteetan animatu da jendea. Ea gelditzen diren egun horietan bateren bat animatzen den beste lekukotasun bat ematera. Bakarra izanda ere nahikoa izango litzateke", esan du Bernabek. Hala, testigantzen bulegoa zabalik izango da otsailaren 20an eta 21ean zein martxoaren 1ean, 2an, eta 3an, 10:00etatik 12:00etara.

Argibide gehiagorako interesatuek bi aukera dituzte: 943 76 80 22 edo turismoa@elgeta.eus. "Prozesu luzea izango da eta traba asko aurkituko ditugu, baina Udalak ez du etsiko salaketa hauek aurrera eramateko egitasmoan eta babes osoa eskainiko die biktimei".

Kereila prestatzen

Udalak orain lekukotasunak aztertu, txostenak prestatu eta dagokien auzitegietan aurkeztuko dituela jakinarazi du Bernabek. Kereila horretan sartuko dituzte testigantzen bulegoan jasotako lekukotasunak, aldez aurretik jasota zeuden beste batzuk eta baita Espainiako gerrako eta Holokaustoko biktima izen ziren Tomas Rebolloren eta Pascual Askasibarren kasuak, biak Elgetan jaioak. Austrian, Mauthausenen, hil zuten Tomas Rebollo, eta Alemanian, Wöbbelinen, Pascual Askasibar. Udalak Holokaustoko biktimen nazioarteko egunean omendu zituen biak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak