Eztabaida iturri izan da Zubietako erraustegiaren finantzazioarekin lotuta EH Bilduk aurkeztutako mozioa

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko ots. 1a, 12:51

Elgetako udaltzabak atzo egin zuen urtarrileko ohiko osoko bilkura. Oposizioaren iritziz erraustegiaren proiektua paralizatzeko beste saiakera bat da udal gobernu taldeak aurkeztutako mozioaren benetan helburua. EH Bilduren bost zinegotzien babesarekin egin du aurrera mozioak.

Eztabaida piztu zuen atzoko osoko bilkuran Zubietako erraustegiaren inguruan Elgetako EH Bilduk aurkeztutako mozioak. Idatziak eskatzen zuen Elgetako Udalak finantzaketa horren inguruko hainbat galdera luzatzea erraustegiaren bultzatzaile nagusia den Gipuzkoako Foru Aldundiari. Oposizioak ekimenaren kontra bozkatu zuen. "Mozio honi ez diot helbururik ikusten ez bada prozesu bat paralizatzea", esan zuen Gu Geu Elgeta plataformako ordezkari Mikel Larreak. "Ez dakit udaletxe honek zergatik jartzen duen interes hori Foru Aldundiari galdera horiek egiteari bertako batzarretan ordezkaritza bat dagoenean. Nire ustez han bertan saiatuko ziren horiek erantzuten".

Iraitz Lazkano alkateak erantzun zion Elgetako Udalak ordezkaritza duen erakundeetan egin dituela galdera horiek edo oso antzerakoak, eta ez duela inork erantzuten asmatu. Gu Geu Elgetako ordezkari Eduardo Zubiaurrek ere hartu zuen hitza. "Nik uste dut proiektu ekonomikoa landuta eta azalduta dagoela. Behin eta berriro esan da zaborrekin ordaindu beharreko fakturetan sartuko dela... Ez dakit zein zalantza dagoen!". Iraitz Lazkanok erantzunik gabeko hainbat galdera bota zituen: "35 urteko zor hori sortzen dugun errefusaren arabera ordainduko dugu elgetarrok ala biztanle kopuruaren arabera? Udaletxeak ordainduko du zuzenean edo Foru Fondotik kenduko digute?

Eztabaidak eztabaida mozioak aurrea egin zuen EH Bilduko bost zinegotzien babesarekin. Gu Geu Elgetako hiru ordezkariek kontra boztuko zuten.

Herrixa Dantzan

Osoko bilkuran aztertutako gainerako gaiei dagokienean udalbatzak aho batez onartu zuen Udalak Herrixa Dantzan ekimenarekin duen elkarlanerako hitzarmena berritzea. Zortzi saio babestuko ditu Udalak 2017an ere, baina Udalaren egoera ekonomikoa zein den ikusita diru-laguntza jaitsi egin dute. Bi mila eurokoa izango da aurten.

Ekimenaren xedea zalantzan jarri barik oposizioak kezka agertu zuen forma kontuekin. Esleipendun kontratu zerbitzu bat egitea egokiago ikusiko lukete. "Zalantza pila daukat nik forma aldetik", adierazi zuen Gu Geu Elgetako Mikel Larreak. "Ez dakit pertsona fisiko batekin egiten dena hitzarmen bat den edo zerbitzu eskaera bat den egin beharko litzatekeena. Diru-laguntza bat pertsona fisiko bati ematea zalantzazkoa egiten zait", esan zuen.

Kultura zinegotzi Janire Lazkanok adierazi zuen idazkariarekin aztertuko dutela gaia eta udalbatzak aho batez hartu zuen hitzarmena berritzeko erabakia. Lazkanok eskerrak eman zizkion Herrixa Dantzan saioetako gidariari urteetan erakutsitako arduragatik eta aurten Udalak aurkeztutako murrizketa onartu izaganatik.

Elgetako Udalak, azkenik, administrazio-izapideen eskuliburua egiteko konpromisoa hartu du. Bederatzi hilabeteko programa da eta 500 euroko inbertsioa suposatuko du. "Izango litzateke udaletxean egin daitezkeen tramite guztiak banan-banan zerrendatu eta guztiak liburuxka batean jaso izapide horiek zein bide egiten duten jasotzeko. Non egin daitezkeen, zein ordutan, emailez edo faxez egin daitezkeen... ".

Oposizioak galdetu zuen ea eraginkorra izateko ekimenak ez ote zuen bestelako inbertsiorik eskatuko: sistema informatikoetan edo pertsonalaren formazioan. Alkateak esan zuen baliabide aldetik ezetz, bai akaso pertsonalaren formazioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak