Amaia Irazusta: "Kontsumitzaileak ez daki askotan zer nondik datorren"

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko urt. 26a, 12:00
Amaia Irazusta, Zestoako Urkizu baserriko nekazaria.

Elgetako nekazarien kooperatiba katolikoak gonbidatuta bere esperientziaren berri emango du Amaia Irazusta nekazariak, gaur, Elgetan. 19:30ean hasiko du hitzaldia, kultura etxean, Zestoako Urkizu baserriko nekazariak.

Bi argazkirekin emango dio hasiera hitzaldiari Amaia Irazustak. Leku berean ateratakoak 52 urteko aldea dago bien artean.

Asko aldatu da nekazaritza?

Ikaragarri. Gaur egungo kontsumitzaileak ez daki askotan zer nondik datorren. Pasatzen da arrautzekin, barazkiekin, oiloekin... Eta kezkatuta egoteko motiboak badaude! Ez dakigu zer jaten ari garen eta sistema, gainera, ez da jasangarria. Baserri munduan ondo dakigu gaur egun bi urtaro ditugula —negua eta uda—, eta ez lau.

Bi argazki oso esanguratsurekin emango diozu hasiera hitzaldiari.

Bai. Leku berean hartutakoak dira baina 52 urteko aldea dago bien artean. Lehenengoan etxe bakarra ageri da soroz inguratuta. Bigarrenean dena da etxea, taberna, denda, errepidea…

Eta zer adierazi nahi duzu horrekin?

Ez dugula lurra kontuan hartzen eta denbora oso gutxian gure ingurua hankaz gora jartzen ari garela. Lehen baserrian dena aprobetxatzen zen: eguzkia, ilargia, ura, ximaurra, organikoa, animalien berotasuna etxea epeltzeko… Orain kontsumoaren gurpil zoroan sartuta gaude eta bertakoa alde batera uzten ari gara gainera.

Honen aurrean zer egin daiteke?

Ekoizleak piramidearen azpian gaude, baina badaude ausart batzuk aske lan egin nahi dutenak. Gaztaren eta sagarraren munduan ikusten ari gara. Gehienetan ekoizle txikiak dira. Sare handi bat sortu beharko genuke kontsumitzaileek eta zuzeneko salmenta egiten duten baserritarrek. Lehen super bio ziren eta orain super garbiak gara. Zeinen mesedetan? Jasangarritasunarekin zer? Zabor organikoa diote batzuk, baina organikoa ez da sekula zaborra izan. Abereendako janaria izan da beti. Madalenak, berriz, plastiko indibidualetan sartuta datoz. Garbitasunaren izenean zaborra sortzen ari gara, eta legeek horrela eskatuta. Ikusi besterik ez dago. Arautegiak baimentzen du hemen ontziratzearekin bakarrik hemengo moduan saltzea Errumaniatik ekarritako arrautzak.

Kontsumo taldeei buruz ari zara?

Kalean edo hirietan bizi direnek zuzenean erosi beharko lieke baserritarrei edo abeltzainei. Trukean janari garbia lortuko lukete eta nekazariek bezeroek ezagutuko eta ikusiko lituzketen azpiegitura txukunetan egingo lukete lan. Jasangarriak izan behar dugu eta lantzen ditugun lurren oreka lortu. Lurra du izena gure planetak, baina ahaztu egin zaigu lurra zeharo. Erraza eta xinplea da. Nahi badugu egin daiteke. Sistema horizontalek bermatzen dute benetan jasangarritasuna.

Sistemarekin oso kritiko zara.

Kontsumitzaileak ustez hemengo moduan erosten duena ez da beti bertan ekoiztua. Kontsumitzaileen eta ekoizleen artean sortu behar den sareak ekarriko du benetako jasangarritasuna. Gure osasunaren mesedetan, gainera. Gaur egun erabakita dago animaliak non erosi behar ditugun, pentsuak nolakoa eta zenbat behar duen, kalitate inspekzio piloa pasa behar ditu baserritarrak… Zertarako eta salmenta prezioa besteek jartzeko!

Merkataritzarako nekazaritza konbentzionalak aspaldi hil ditu lurrak. Gero dago merkataritzareko nekazaritza ekologikoa. Hitza nire ez zait gustatzen. Nekazaritza biologikoa edo organikoa egin beharko genuke. Lehen hiruzpalau hilabete behar izaten genituen ilarrak eta babak biltzeko. Orain hamabost egunean jasotzen ditugu. Baserrian bizi garenak aldaketa klimatikoaren askoz ere kontzienteago gara.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak