goiena.eus

"Irekierak aurreikuspen guztiak gainditu ditu"

 Elgeta

Spaloia13 Kafe Antzokiko kudeatzaile berri Xabi Ulazia gustura azaldu da eta hasierako egunen "oso balorazio positiboa" egin du; aurrerantzean ere, aurreko urteetan eraman izan den bidea jarraitzeko asmoa erakutsi du, kultura ardatz hartuta.

"Irekierak aurreikuspen guztiak gainditu ditu"
Arzallus eta Colina bertsolariak, irekiera emanaldian. Argazkia: Spaloia13 | Ikusi handiago | Argazki originala

Abenduaren 23an izan zen Spaloia13 Kafe Antzokiaren irekiera emanaldia –kudeaketa berriarekin, izena ere aldatu egin diote–. Amets Arzallus eta Sustrai Colina bertsolariek, Jon Gurrutxaga abeslariak eta The Vartools musika taldeak osatu zuten jaialdia. "Zoragarria izan zen. Jendez lepo bete zen antzokia. Ez genuen hainbeste jende espero, aurreikuspen guztiak gainditu ziren eta jenerorik gabe gelditu ginen", adierazi du antzokiko kudeatzaile berri Xabi Ulaziak.

Bestalde, Urtezahar eguna ere "bikain" joan zela nabarmendu du. "Txikiteoan jende ugari ibili zen eta gauean ere bai. Gainera, jendea gustura ikusi genuen", zehaztu du.

Kudeatzaile berria gustura dago hasierako egunetan jendeak izan duen erantzunarekin eta eskerrak eman nahi izan dizkie bertaratutako guztiei eta "balorazioa positiboa izan dadin lagundu duten guztiei". 

Kultura ardatz

Ulaziak nabarmendu du antzokiak aurreko urteetan eraman izan duen bidea jarraituko duela, kultura ardatz hartuta. " Datozen Gabonetan Spaloiaren lehen urteurrena ospatzearekin batera, urte kultural oparo bat igaro dugun balantzea egin nahi genuke". Gaineratu du mota guztietako publikoari zuzendutako ekintzak antolatuko direla bertan.

Horri lotuta, datozen egunetan ere zenbait ekintza egongo dira. Alde batetik, bihar, egubakoitza, umeendako jolasak, papiroflexia, harriak margotzea, eta abar egongo dira, 17:30etik aurrera. Bestetik, zapatuan, Txalainak taldearen –Hertzainak taldearen bertsio akustikoa– kontzertua egongo da, 19:30ean. Azken hori doan izango da, aurrerantzean eskainiko diren kontzertu gehienak bezalaxe. "Hilabetean behin kontzertu nagusi bat egitea da asmoa, eta horrek sarrera izango du. Baina beste guztiak doan izango dira", azpimarratu du Ulaziak. Horrekin lotuta, webgunea osatzen dihardutela ere gaineratu du. "Sarrerak Internetez erosi ahal izateko, herritarrak informatzeko eta beste hainbat gauzatarako erabiliko dugu webgunea".

Jatetxea eta taberna

Taberna egunero irekitzen dute dagoeneko, goizeko hamaiketan. "Oraingoz, egunero irekiko dugu, proba modura, eta daukan erantzunaren arabera, horrela jarraituko dugu edo aldaketaren bat egingo dugu", onartu du kudeatzaileak.

Jatetxe zerbitzuari dagokionez, urtarrilaren bukaeran edo otsailaren hasieran irekiko dutela adierazi du kudeatzaile berriak.  Hala ere, jatetxearen formatua zein izango den zehaztu gabe daukate oraindik. "Sukaldari bat kontratatu nahian gabiltza buru-belarri, baina oraindik ez dugu lortu. Bestalde, oraindik zein motatako jatetxea izango den ez dakigu, sukaldariaren araberakoa izango da hori. Baina, seguruenik, erretegi bat izango da", azaldu du Ulaziak. Jatetxeak izango dituen ordutegiak ere zehaztu gabe dituzte.

Udalarekin elkarlana

Hiru hilean behin udalarekin batzartzea adostu du kudeatzaile berriak, koordinatuta eta elkarlanean aritu daitezen. "Ea datorren astetik aurrera batzeko aukerarik daukagun, buru-belarri martxan jarri eta benetako antzoki baten kultur plangintza eduki ahal izateko".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa