Ferixa Nagusiko jaiak 2016

Seiehun errazio paella Herri Egunean jateko

Leire Kortabarria 2016ko eka. 28a, 09:00
Paella-jana, iaz, Mendizaleen Plazan.

Berritasunik egongo da aurten; herri kirol parte-hartzaileak antolatu dituzte, kuadrillaka. Sokamuturra bat eta asto kendu egin ditu Udalak, "herritarrei entzun ondoren".

Herri Eguna izaten da Ferixa Nagusiko jaietako ospakizun jendetsuenetako bat. Eta aurten, iaz herritarrek bete zuten inkestan oinarrituta, Udalak hainbat berritasun sartu ditu egitarauan.

Ez daitezela beldurtu jaizaleok, dena dela, Herri Eguneko bazkarian ez da-eta aldaketarik egongo; urtero moduan, paella erraldoia zerbitzatuko da Mendizaleen Plazan, 14:30 aldera. Paella platera, ogia eta kafea 4 euro kostatuko dira. Udalaren esanetan, 600 bat errazio paella prestatuko dituzte betidanik Elgetara etorri izan diren Kantabriako lagunek. Segidan, ohi bezala ere, Jainagak eta Narbaizak bazkalostea girotuko dute erromeria doinuekin. Saiheski-jana ere egongo da; txartelak salgai daude 3 eurotan.

Gutxienez, bi emakume

18:30 aldera etorriko da berritasun handienetako bat: herri kirol parte-hartzaileak. Asto lasterketaren eta sokamutur baten (saio bat egongo da, bariku iluntzekoa) partez antolatu dute hori. Iraitz Lazkano alkateak honela azaltzen du: "Herritarren artean banatu genuen inkestan, herri kirolak eskatu zituen jende askok; ikusteko izateaz gain, parte hartzeko izan zitezela eskatzen zuten; inkestan jaso genuenez, askoren iritziz, oso ekintza errepikakorrak egoten ziren egitarauan".

Zortzi laguneko taldeetan parte hartu ahal izango dute herritarrek, eta, gutxienez, bi kide emakumeak izan behar dira. Udaletxean edo danonartian@elgeta.net helbidera idatzita eman behar da izena.

Sokamuturra eta asto lasterketa

Ferixa Nagusiko jaietako ohiko ekintza zen bat jausi egin da egitarautik, herritarrek hala eskatuta: asto lasterketa. Iaz Udalak herritarrei bidalitako inkestan, jaien inguruko iritzia eskatu zuen, eta Iraitz Lazkano alkateak laburbiltzen du: "Asto lasterketak irudi txarra ematen zuela zioten elgetar askok, eta, gainera, kexu asko jaso genituen, astoei ematen zitzaien trataeraz. Bestalde, iaz pertsona bakarrak eman zuen parte hartzeko izena".  

Animalienganako sentsibilitate bera aplikatuz, sokamutur saio bat ere kendu egin da; aurten bakarra egongo da, barikukoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak