Joseba Sanchez: "Ikasi behar dugu lurra ezagutzen eta errespetatzen"

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko mai. 12a, 11:21
Joseba Sanchez, atzo, udaletxean nekazaritza ekologikoaren gaineko hitzaldia egiten.

Elgetako Udalak antolatuta Aste Berdea egiten ari dira herrian. Vermican enpresako Joseba Sanchezek konpostaren gaineko tailerrak egin zituen atzo goizean eta arratsaldean Herri Eskolako neska-mutikoekin. Gero, nekazaritza ekologikoaren gaineko hitzaldia egin zuen helduendako udaletxean.

Nekazaritza ekologikoaren alde egiten du Joseba Sanchezek. "Ekologikoan lurra ongarritzen da, eta nekazaritza konbentzionalean landarea ongarritzen da", azaldu zuen atzo Elgetan. "Ikasi behar dugu lurra ezagutzen eta errespetatzen. Luzera gehiago produzitzea lortuko genuke, eta aldaketa klimatikoaren eragina gutxitu egingo genuke".

Vermican enpresako teknikariak gogoratu du munduko biztanleriaren erdiak ekologikoan sortzen dituela kontsumitzen dituen jakiak. "Gurean, saltzen den produkzioaren %2 soilik da ekologikoan sortua. Jendeak ekologikoa eskatuko balu prezioak jaitsi egingo ziren eta areagotu egingo litzateke nekazaritza mota hori". Sanchezek gezurtatu egin du nekazaritza ekologikoak produkzio mugatua duenik.

Nekazaritza ekologikoa, modu asko

Nekazaritza ekologikoa egiteko modu asko dago, eta lau azaldu zituen atzo adituak: nekazaritza biodinamikoa, nekazaritza naturala edo fukuoka (Japonian), nekazaritza sinergikoa eta permakultura nekazaritza.

Bertako landarea lehenesteko gomendioa egin zuen: "Erresistenteagoa da eta ongarri gutxiago behar ditu", esan zuen. Eta biodibertsitate orekatua aldarrikatu zuen monolaborantzak lurra ahultzen duela argudiatuta. "Guk pobretu dugu lurra", esan zuen.

Aholkuak eman zituen naturaren zikloak errespetatzeko, ekologikoak izanda ere ongarrien erabilera neurtzeko eta ortuan landareen produkzioa txandakatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak