Hondakinen kudeaketan urrats berriak emateko Aste Berdea eguaztenetik aurrera

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko mai. 6a, 08:22
Orain dela hiru urte herriko plazan egindako erakustaldia.

Elgetako Udalak antolatuta askotariko ekintzak iragarri dituzte maiatzaren 11tik 15era bitartean. Herritar guztiei zuzendutako ekintzez gain bestelako sentsibilizazio jarduerak ere iragarri dituzte.

Azken hiru urteotan Elgetan sortutako hondakinen kopuruak behera egin du, eta bilketa selektiboak gora. Materia organikoaren kudeaketak garrantzi handia du bilketa selektiboaren gorakada horretan. Baina badago zer hobetu. Hondakinen %22 botatzen dute elgetarrek errefusera, eta kalkulua da sortzen duten hondakinen %13 soilik dela berez errefusa. Hobetzeko dagoen tartea da %22tik %13ra jaistea, eta hala bereizte tasa %78tik %87ra igotzea.

Jasangarritasunerantz urrats berriak emateko Elgetako Udalak Aste Berdea iragarri du. Eguaztenean, hilak 11, emango diote hasiera eta herritar guztiei zuzendutako ekintzez gain bestelako sentsibilizazio jarduerak ere iragarri dituzte: konpostaren inguruko tailerrak egingo dituzte Herri Eskolan, eta hondakinen kudeaketan nola hobetu azaltzeko aditu baten bisita jasoko dute herriko hondakin sortzaile handiek.

Herritar guztiei zuzendutako ekintzen artean nabarmentzen dira nekazaritza ekologikoaren eta ongarritzearen inguruko tailerra edo sukaldean hondakin gutxiago sortzeko ikastaroa. Tailerra Vermican enpresako Joseba Sanchezek egingo du eguaztenean, hilak 11, 19:00etan, udaletxean. Sukaldaritza ikastaroa, berriz, Ormaiztegiko Kuko jatetxeko Iker Markinez sukaldariak gidatuko du hilaren 12an, 18:00etan, Intxorta elkartean. Azalduko du zela sortu hondakin gutxiago sukaldean eta trikimailuak emango ditu janari soberakinekin errezeta berriak sortzeko. Interesatuek udaletxean edo danonartian@elgeta.net helbide elektronikoan eman behar dute izena.

Hondakinen karakterizazioa

Eta domekan, hilak 15, hondakinen karakterizazioa egingo dute plazan. Zer botatzen dute elgetarrek errefusaren edukiontzira? Edukiontzi horietako bat hustuko dute plazan herritarrek bertatik bertara ikus dezaten. Horrekin batera, konposta banatuko dute herritarren artean eta auzo-auto konpostaren inguruko informazioa emango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak