Erresistentzia Eguna 2016

Ikusgai dago Elgetan 'Azken batailoia' argazki erakusketa

Maite Txintxurreta 2016ko api. 16a, 12:07
Garai (Intxorta 1937), Saravia (argazkilaria) eta Lazkano (alkatea)

Mauro Saravia argazkilari txiletarraren lanek osatzen dute Kultur Etxean bisitatu daitekeen mostra. Gerra zibilean borrokatu zuten 55 gudari eta miliziano euskaldun dira argazki horietako protagonistak.

Inaugurazio ekitaldian Iraitz Lazkano alkateak adierazi zuen erakusketa hau datorren astean izango den Intxortako borrokaldiaren errekreazioari begira "giroa berotzeko" modu bat dela.

Iazko errekreazioaren ostean omenduak izan zirenetako asko agertzen dira Saraviaren lan honetan. Hain zuzen, Intxorta 1937 taldeko Juan Ramon Garaik azaldu zuen elkarteko kideak eta Saravia" pertsona berdinen atzetik" ibili zirela, helburua desberdina bazen ere.

Argazkilariaren lana

Saravia Txiletarra da, baina erbesteratuen semea da, eta hortik datorkio gudari eta milizianoen borrokarekiko interesa. Aipatu du "denbora luzez" lan egin behar izan duela argazki bilduma betetzeko: "lehenengo zeintzuk izan ziren aztertu behar izan nuen, gero euren kontaktua lortu eta ondoren argazkia ateratzeko hitzordua egin. Asko oso nagusiak dira, eta ez da horren erraza".

Lan handia izan arren, baina, gustura dago Saravia, eta orduko borrokalariei buruz ikertzen jarraitzen du oraindik ere. Gainera, argazkietan ageri diren askorekin kontaktuan segitzen du eta askorekin "oso harreman ona" daukala dio.

Ez dago Elgetarrik erakusketa honetan; bai ordea, debagoiendarrik. Euskal Herriko txoko desberdinetako jendea da erretratuetako protagonista, eta gazteenak 94 urte ditu. Argazkietan ageri diren pertsonetatik zazpi, Saraviak azaldu duenez, honezkero hil egin dira.

Erakusketako argazkien ondoan, testutxoak daude ikusgai, non gerrako pasadizoak kontatzen diren.

Jantziak

Erretratuen artean, denetarik dago; alkandoraz jantzita, daudenak, txapelaz, gerrako kaskoekin... Argazkilariak azaldu du gudariek koadrodun alkandora bat eta txapela erabiltzen zutela, hori zela euren uniforme bakarra, eta halaxe erretratatu ditu batzuk.

Bestalde, badaude Gernika batailoian borrokatu zuten gudariak ere. Horiek Frantzian borrokatu zuten, Alemaniarrak lur horretatik botatzeko. "Pentsatzen zuten naziak garaitzen lagundu ezkero, aliatuek Euskal Herriaren askatasuna lortzen lagunduko zietela. Orduan, haiek ere gudariak izan ziren", azaldu du Saraviak.

Hain zuzen, Gernikako batailoiko kide izan zirenak uniformez eta kaskoz azaltzen dira argazkietan: "Aliatuekin borrokatu zirenez, frantziarrek uniformea eman zieten, eta ingelesek, berriz, kaskoa. Uniforme frantziarrarekin eta kasko ingelesarekin borrokatzen zuten". Hain zuzen, kasko horiek originalak dira, gerran erabilitakoak, eta argazkilariak lan handia egin zuen horiek eskuratu eta argazkian atera zitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak