goiena.eus

Gu Geu Elgeta: "Kafe antzokiaren egoera tamalgarriari irtenbide egoki eta premiazko bat ematea eskatzen dugu"

 Elgeta

Gaiarekiko pasibotasuna leporatzen dio oposizioak Udal Gobernuari. Udal arduradunek, ordea, jarraipen zorrotza egiten ari direla adierazi dute.

Gu Geu Elgeta: "Kafe antzokiaren egoera tamalgarriari irtenbide egoki eta premiazko bat ematea eskatzen dugu"
Espaloia kafe antzokia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gu Geu Elgeta Plataformak uste du Espaloia kafe antzokiaren egoerak irtenbide bat behar duela. “Agintaldi honen aurretik datorren arazoa izan arren, bada jadanik garaia Bilduren Udal Gobernuak Espaloia kafe antzokiaren egoera tamalgarriari aurre egin eta premiazko irtenbide egoki bat eman diezaion”, azaldu dute. “Nahiz eta ez den egoera erraza, okerrena arazoa dagoenetan uztea dela uste baitugu (…) Egun gure herriko kafe antzokian indarrean dagoen kultura eskaintza ez da batere ona ez eta bertako maizterraren kontratuzko betekizuna. Ondorioz, eta arduradun nagusi gisa, Udalak bere erantzukizuna bete behar du eta irtenbide bat aurkitu kultura azpiegitura honen egoera jasanezinari”.

Gu Geu Elgetaren ustez: “Ezin daitekeena onartu zera da: Bilduren Udal Gobernuaren aldetik gai honen inguruan dagoen pasibotasuna. Zenbat eta lehenago hasi gaurko egoerari aurre egiten, gero eta lehenago izango dugu elgetarrok gaur egungo posibilitateetara egokitutako kafe antzokia”. 

Inplikatuen erantzunak 

"Espaloia kafe antzokia ez dago egoera onean, begi bistakoa da", esan dute Udal Gobernutik. "Elgetako Udala jarraipen zorrotza egiten ari da gai honen inguruan. Txosten juridikoak eta ekonomikoak baditugu eta maizterrari bere kontratuzko betebeharren egoeraren berri emateko ere eskatu zaio, erantzukizun zibileko aseguruen egoera kasu. Gauzak presaka egitea inoiz ez da ona, eta Elgetako Udalak badu esperientzia horretan", adierazi dute. "Gu Geu Elgeta talde politikoak lanerako prest zegoela esan zien herritarrei hauteskunde kanpainan, egoera bestelakoa da ordea. Udal Gobernuan parte hartzeari muzin egin zioten, batzordeak kudeatzeari ere bai, Debagoienerako eta beste elkarte batzuetarako ez zuten ordezkaririk izendatu nahi izan... Edozein aitzakia darabilte Udal Gobernuari kritika hutsala egiteko. Horrelako komunikazioek Udalaren jarduna eta lana oztopatzea besterik ez dute helburu. Bada garaia, beraz, era honetako komunikazio publikoak egiteari utzi, behar den lekuan proposamenak eta ekarpenak egin eta lanean hasteko".

Kafe antzokian diharduen Batirtze Arantzabalek, aldiz, kafe bat hartzera gonbidatu ditu Gu Geu Elgeta plataformako kideak. "Ez dira ikuskizun bakar batera ere etorri. Lehen eskutik emango diet aretoko kudeaketaren berri", esan du.

 

Erantzunak

Erantzuna | #1

Bi gauza dira tamalgarriak hemen:

1.- Diario Vascok Goienak baino seriotasun gehiagoz argitaratu izana albistea: http://www.diariovasco.com/alto-deba/201601/22/...

2.- GuGeu/PNV alper taldearen jarrera. 7 hilabetean udalean golperik jo ez, eta egin duten bakarra noizean behin Udal gobernua kritikatzeko prentsa oharrak plazaratu.

#txaloberobat

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa