Gu Geu Elgeta Plataformak Pagatza industrialdearen inguruko plangintza eza gaitzetsi du

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko aza. 20a, 10:02

EH Bilduko udal taldetik erantzun dute herriko negozio guztiei eskutitz bat bidali zaiela ekarpenak egiteko bi asteko epea emanez.

“Badira sei hilabete Bilduren udal gobernu berria abian dela, eta Gu Geu Elgeta Plataformak arduraz ikusten du Pagatza industrialdearekin lotuta ez hausnarketarik ez plangintzarik ez egotea”, adierazi dute Gu Geu Elgeta Plataformatik. Oposizioan dagoen talde politikoarendako “benetan da larria” Danon artian, danon herrixa prozesuaren barruko galdetegian “Pagatzari buruzko aipamen bakar bat ere ez egitea. Etorkizunean elgetarron ongizatea berma dezakeen arlorik garrantzitsuena industria jarduera da, eta benetan da tamalgarria Pagatzak oraindik dituen aukerak alperrik galtzea. Pagatzak plangintza eta kudeaketa serioak behar ditu agintaldi honetan. Bertan dauden enpresen beharrak zuzenean ezagutu behar dira eta enpresa berriak erakarri elgetarrentzako lanpostuak sor ditzaten”.

Gu Geu Elgeta Plataformatik jakinarazi dute saiatuko direla erronka horiek isla izan dezaten 2016ko aurrekontuan.

Udal gobernuaren erantzuna

EH Bilduko udal taldeak adierazi du Gu Geu Elgeta Plataformak parte hartu duela Danon artian danon herrixa prozesuaren definizio eta antolakuntza lanetan, “baita inkestaren nondik norakoak zehazten ere. Ez da inolako proposamenik egin inkestetan industriari buruzko galderarik sartzeko”, adierazi dute. Eta honakoa gaineratu dute: “JEZn alta emanda dauden herriko negozio guztiei —ez soilik Pagatzako industrialdean daudenei— eskutitz bat bidali zitzaien beraien iritziaz galdetuz eta ekarpenak egiteko bi asteko epea emanaz. Hasiak gara jada iritziak eta proposamenak jasotzen. Lehenengo harreman soil gisa ulertzen dugu pausu hau, etorkizunean harremana sakontzeko asmoa dugu-eta. Etorkizunean, orain arte egin dugun bezalaxe, aurrera begira egin beharrekoak guztion artean zehaztea eta erabakitzea da asmoa. Horretarako, borondatea eta elkarrizketa soilik behar dira-eta”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak