Agintaldi honetan ere desadostasun iturri da etxebizitza hutsen gaineko zerga

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko urr. 28a, 13:10

Elgetako udalbatzak atzo onartu zituen 2016rako udal tasak eta ordenantza fiskalak. Orokorrean ez da igoerarik aplikatuko. Oposizioa, Gu Geu Elgeta, abstenitu egin da. Zalantzak sortzen dizkie etxebizitza hutsei aplikatzen zaien %100eko errekarguak. Zerga horrek ez du 2016an igoerarik izango; aplikatze hutsa iruditzen zaie zalantzagarria.

Salbuespenak salbuespen Elgetako Udalak ez du igoerarik aplikatuko 2016ko udal tasa eta ordenantza fiskaletan, eta Iraitz Lazkano alkateak azaldu du hobekuntzak aplikatuko dituztela progresibotasunari begira. "Ordenantzetan aldaketa ugari egin ditugu egoera ekonomiko okerrenean daudenei laguntzeko", esan du. "Eta familien sarreren arabera aplikatuko ditugu hobariak, baina kontuan hartuko dugu, baita ere, unitate familiarra osatzen duen pertsona kopurua. Antzerako politika jarraituko dugu baratze publikoekin. Egoera ekonomiko larrienean daudenek ez dute urteko kuota ordaindu beharrik izango", esan du. 

Alkateak azaldu duenez eguneraketak egin dituzte, esaterako, minusbaliotasunarekin lotutako ibilgailuen tasan, argazki artxiboko kopiak eskuratzeko baldintzetan zein kirol zerbitzuko berrikuntzak direla-eta sortu diren abonu berrietan. Bestetik, ehun eurora jaitsi dute merkataritza zein ostalaritza jarduera berriak zabaltzeko ordaindu beharreko udal tasa. Igotzen diren tasa eta ordenantza fiskalei dagokienean aipatu ikasleko euro bat gehiago ordaindu beharko dutela Intxortako ibilbide tematikoa egitera datozen ikastetxeak, jaietan kalean postua ipintzeak zazpi euroko garestitzea duela (zortzi eurotik hamabost eurora) eta lurperatze zerbitzua bost euro garestiago izango dela 2016an; 196 euro. "Zorrak epeka ordaintzeko arautegi bat dugu orain", jakinarazi zuen alkateak. "Zorraren kopuruaren arabera gerorapen ezberdinak finkatzea aurreikusten du arautegi horrek", azaldu du.

Oposizioaren abstentzioa

Proposamen orokorrarekin ados egonda Gu Geu Elgetako ordezkariak abstenitu egin dira 2016ko udal tasa eta zerga fiskalen onarpenean. "Zalantza handiak ditugu etxebizitza hutsei aplikatzen zaien %100eko errekarguarekin", azaldu du bozeramaile Mikel Larreak. "Benetan dauka eragina etxebizitza horien merkaturatzean? Ez dago txosten ekonomikorik eta gaiak azterketa eta lanketa sakonagoa merezi duela uste dugu", esan du. "Errekargu horren inguruan zalantza handiak ditugu". Zerga honen inguruan iritzi kontrajarriak dituzte Elgetako udalbatza osatzen duten bi talde politikoek. "Uste dugu baduela bere efektua", esan zuen Iraitz Lazkano alkateak. "Indarrean da etxebizitza legea eta ordainketa zelan egin garatu bitartean errekargu hori aplikatzen jarraitzea beharrezkoa dela uste dugu". Gaineratu zuen duela hilabete bidali zutela informazioa eta ez dutela oposizioaren partetik proposamenik jaso.

Udalbatzak aztertutako bestelako gaiei dagokienean aho bateko onarpena lortu zuten, besteak beste, Debagoieneko koordinazio sozio-sanitarioko protokoloak, Udaleko dirulaguntzen plan estrategikoak, Udal harrera protokoloak edo Cebanc elkartearekin sinatzekoa den hitzarmenak. Gu Geu Elgeta abstenitu egin zen preso dauden familiarteko elgetarrendako dirulaguntzak arautzeko ordenantzaren onarpenean. Gaia aztertzeko denbora eta informazioa eskatu zituzten. Udal gobernuaren erantzuna izan zen uztaileko ongizate batzordean onartu zela gaia, eta hiru hilabeteko epea egon dela proposamenak egiteko. "Ez dugu proposamenik jaso", azaldu zuen alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak