Mintzapraktika taldeak bultzatuko ditu Elgetako Udalak Topagunearen babesarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko ira. 30a, 15:37
Osoko bilkura, atzo, Elgetako udaletxean.

Asmoa da Elgetan ere euskara maila ezberdinetako hiztunen arteko topalekuak sortzea. Aurreikuspena da azarorako lehen mintzapraktika taldeak martxan egotea.

Atzo, aho batez hartu zuen erabakia Elgetako udalbatzak. Hala, Udalak aurrera egingo du Elgetan berbetan egitasmoarekin eta hitzarmena sinatuko du euskara elkarteen federazioa den Topagunearekin 2015-2016 ikasturtean mintzapraktika taldeak bultzatzeko ahalegina egiteko. Dinamizatzaile batek astean hiru ordu eskainiko dizkio egitasmoari. Helburua da herritarrak inplikatzea mintzapraktika taldeetan parte hartzeko. "Topaguneak planteamendu zehatza egin du, esperientzia du eta sendotasuna emango dio egitasmoari", azaldu du euskara batzordeko arduradun Janire Lazkanok.    

Egitasmoak 4.486 euroko aurrekontua du, eta babestu arren Gu Geu taldeko bozeramaile Mikel Larreak kezka agertu zuen. Galdetu zuen ea horrelako kostuak ez ote diren handiegiak Elgetarako. "Emaitzak mereziko du kostua?", galdetu zuen. Lazkanok erantzun zuen aurreikusita dagoela proiektuaren jarraipena egitea, eta amaieran Topaguneak balorazio txostena egingo duela. "Eta mintzalagun talderik irtengo ez balitz aukera dugu hitzarmena bertan behera lagatzeko", esan  zuen. Urrian hasiko da dinamizatzailea lanean. Laster, herritarren parte hartzea eskatuko du mintzapraktika taldeak osatzeko. Asmoa da ekimena azaro hasieran martxan jartzea. 

Ordezkariak mankomunitatean

Osoko bilkuran, bestalde, mankomunitateko ordezkariak izendatu zituen udalbatzak. Sei batzorde izango ditu Mankomunitateak eta Iraitz Lazkano, Sebastian Arantzabal, eta Mikel Elkoro izango dira Elgetako ordezkariak.

Kirol zerbitzua martxan 

Pilates eta zumba jarduerak kenduta gaur abiaraziko ditu Udalak kirol zerbitzuko jarduerak. Lan poltsa osatu ostean Etor Garate elgetarrak egingo ditu kirol teknikari lanak. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak