Alkate-makila jaso ostean Iraitz Lazkanok erabakiguneetan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko eka. 13a, 13:23

Taldeko bost zinegotzien babesarekin gehiengo osoz aukeratu dute alkate Lazkano. Gu Geu Elgetako hiru ordezkariek alkategaia aurkeztu eta babestu dute.

Jendez bete da, gaur eguerdian, Elgetako osoko bilkuren aretoan. Aurreikusi moduan udal berriaren eraketa ekitaldian zortzi zinegotzik hartu dute kargua; EH Bildutik Iraitz Lazkanok, Agurtzane Alkaldek, Mikel Elkorok, Janire Lazkanok eta Sebastian Arantzabalek. Gu Geu Elgeta plataformatik, berriz, hiru lagunek: Iratxe Bravok, Eduardo Zubiaurrek eta Mikel Larreak.

Udalbatza berria

Lehenengo egitekoa izan da udalbatza berria eratzea. Horretarako Adineko mahaia osatu dute hautetsi nagusienarekin eta gazteenarekin. Sebastian Arantzabalek eta Janire Lazkanok osatu dute Adineko mahaia. Idazkari Gotzon Goikoetxeak jakinarazi du hautetsi guztiek aurkeztu dutela eskatutako kredentziala eta eratutzat eman dute Elgetako udalbatza berria. Ondoren, alkatea hautatzeko bozketa egin dute.

 

EH Bilduko bost zinegotziek Iraitz Lazkanoren aldeko botoa eman dute, eta Gu Geu Elgetako hirurek Iratxe Bravoren aldeko botoa. Hala, gehiengo osoz, Iraitz Lazkano izendatu dute Elgetako alkate. Lazkanok txalo artean jaso du aginte-makila aurreko alkate Oxel Erostarberen eskutik.

Adierazpenen txanda etorri da ondotik. Iraitz Lazkano izan da lehena hitza hartzen eta alkate moduan egin dituen lehen adierazpenak zorionak eta eskerrak emateko izan dira. Zorionak zinegotzi kargua hartu dutenei eta eskerrak babesa emandako guztiei. "Aurrera begira zer? Behin baino gehiagotan esan dugu nahi dugula herria gobernu izatea. Gure proposamena beti izango da parte hartzearen eta elkarlanaren bitartez gure proiektua aurrera ateratzea", esan du. "Erabakiak ez ditugu gobernu batzordean hartuko, batzordeetan hartuko ditugu. Animatzen ditugu herritar guztiak batzordeetan parte hartzera bertan erabakitzeko aukera izango dutelako proiektu ezberdinen inguruan. Erabakiak modu eraikitzailean eta parte hartzailean hartzeko asmoa dugu. Gure itxaropena da denon jarduna norabide berdinean joatea".

Gu Geu Elgeta plataformaren izenean Mikel Larreak hitz egin du, eta lehenengo berbak izan dira Iraitz Lazkano eta EH Bildu zoriontzeko. "Zoriondu nahi ditugu Iraitz Lazkano alkate berria, eta EH Bildu taldea. Eta eskerrak eman nahi dizkiogu gure zerrenda babestu duen jendeari. Esan euren ahotsa izango garela udaletxe honetan, eta gure irizpidea izango dela Elgetarendako eta elgetarrendako onak izango diren proiektuak babestea", gaineratu du.

Ekitaldiari amaiera emateko talde argazkia atera du udalbatza berriak. Argazkia atera dute, baita ere, lan kontuengatik kargu hartzea atzeratzea erabaki duen eta ekitaldian izan den Gu Geu Elgeta plataformako zerrendaburu Nerea Villarekin.

EH Bilduk ospakizuna, bezperan

Elgetako EH Bilduk afaria egin zuen atzo, barikua. Hauteskundeetan lortutako emaitzak eta trabarik gabekoa aurreikusten zen Lazkanoren alkate izendapena ospatu zituzten. Tabernaz taberna ibili ziren trikiti doinuak lagunduta eta herri afaria egin zuten Bolatoki jatetxean. "Jai giroa, umore ona eta ilusioa izan dira nagusi bertaratutakoen artean", adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak