Ikusmin handia, Elgetan, herritarren azken erabakia ezagutzeko unera arte

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko mai. 24a, 20:02
Elgetako bozkalekua, eguerdian.

Azken datuen arabera, mahaia itxi baino minutuak lehenago parte-hartzeak %75a gainditu egin du. Boto bidez, berriz, 42 boto kontatu dituzte. Eguerdi partean eman dute botoa Elgetan erroldatuta dauden bi alkategaiek; Nerea Villak (Gu Geu) 12:00etan, eta Iraitz Lazkanok (EH Bildu) 14:00etan.

Elgetan ere 20:00etan itxi dituzte hautetsontziak, eta hastear da boto zenbaketa. Udal hauteskundeetako botoak zenbatuko dituzte lehenengo, eta foru hauteskundeetakoak ondoren. Hauteskunde mahaian egon diren herritarren botoak eta posta bidezko botoak gehitu bezain pronto hasiko dute kontaketa.

Hauteskundeotan ere bozkaleku bakarra egon da Elgetan; udaletxean, hain zuzen ere. 1.138 lagun daude Elgetako erroldan izena emanda eta 871 lagunek izan dute, gaur, botoa emateko aukera. Bederatzi zinegotzik osatzen dute Elgetako udalbatza, eta gaurko egunean udalbatza horren koloreak zein izan behar duen adierazi dute herritarrek.

Hauteskunde egunari dagokionean normaltasun osoz joan dela adierazi dute bozkalekuan egon diren ordezkariek.

Elgetan erroldatuta dauden bi alkategaiek eguerdi partean eman dute botoa. Gu Geu Elgeta plataformako alkategai Nerea Villak 12:00etan.

 

Eta Elgetako EH Bilduko alkategai Iraitz Lazkanok 14:00ak jo aurretik.

Hiru alkategai Elgetan

Ikusmin handia sortu dute udal hauteskundeak, Elgetan. Zortzi urteotan alkatetzan egon den Aralar-Independenteak taldeak hauteskundeetara berriz ez aurkezteko asmoa iragarri zuen azaroan, eta handik gutxira iragarpen berdina egin zuen Elgetako alderdi jeltzaleak.

Hautagaitza bakarra Elgetako EH Bildurena izango zela zirudienean Gu Geu Elgeta plataformaren sorrera etorri zen. Sozialistek ere hautagaitza aurkeztu dute. Hala, herritarrek hiru alkategai izan dituzte aukeran: Iraitz Lazkano (EH Bildu), Nerea Villa (Gu Geu Elgeta) eta Elias de Castro (PSE-EE).

EH Bilduk eta Gu Geu Elgetak egin dute hauteskunde kanpaina Elgetan, eta gutxi barru argituko da herritarrek zein aukera egin duten. Interesgarria izango da, baita ere, hautagaitzek jasotako boto kopuruaren aldea zein den argitzea.

Duela lau urte, puntu bakarreko aldea

2011ko udal hauteskundeetan bost hautagaitza aurkeztu ziren Elgetan: Aralar-Independenteak, Bildu, EAJ, PSE-EE eta PP. Puntu bakarreko aldea egon zen Aralar-Independenteen eta Bilduren artean; EAJk nabarmen egin zuen behera. Abstentzioa %24,28 izan zen.

Duela lau urteko botoen banaketari dagokionean:

  • Aralar-Independenteak     246 boto (%37,84)
  • Bildu                                  245 boto (%37,69)
  • EAJ                                   138 boto (%21,23)
  • PP                                         8 boto (%1,2)
  • PSE-EE                                  6 boto (%0,92)

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak