Jarraipena izango dute boluntarioekin egindako umeendako ipuin kontalari saioek, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko ira. 29a, 11:11
Lorea Larrañaga boluntarioa, irailaren 19an, umeendako ikasturteko lehenengo saioa egiten.

Otsailean ipini zuten martxan ekimena Elgetako udal liburutegian. Epe horretan zazpi saio egin dituzte sei boluntariorekin.

Irailaren 19an egin zuten Elgetako udal liburutegian herriko neska-mutikoendako zazpigarren Ipuinen Ordua. Ikasturte berriko lehenengo saioa izan zen, eta  argi dago neska-mutikoak ipuinez gose zirela: 2-10 urte bitarteko 32 umek hartu zuen parte opor osteko lehenengo saio horretan.

Ekimenak, ordea, badu bestelako berezitasunik: ipuin kontalari boluntarioetan oinarritzen da, eta boluntario guztiak dira herritarrak.

Proposamena udal liburuzainarena izan zen, eta hasieratik sei lagun —guztiak emakumezkoak— elkartu ziren ipuin kontalari lanak egiteko prest. Iazko ikasturtean, saioak hamabostean behin egin zituzten, barikutan, 17:20etik 18:00etara, eta dataren eta eguraldiaren arabera, aldiro, 5-30 neska-mutiko artean izan dira saioak entzuten. 

Ekimenaren helburuak

"Helburua, batik bat, herriko txikitxoei ipuinez eta ahozko kontakizunez gozatzeko aukera eskaintzea da", adierazi du udal liburutegiko arduradunak. "Dena den, bestelako ekintzak ere tartekatzen ditugu noiz behinka".

Umeei zuzendutako saio guztiak euskaraz izan dira, eta ipuinak entzuteko zein irakurtzeko plazera sortzea izan dute helburu, izan ere, ipuinen bitartez hizkuntza lantzen da, lengoaia deskubritzen da, hiztegia aberasten da, eta irudimena elikatzen da. Ekimenaren bitartez, gainera, neska-mutikoak liburutegi zerbitzura gerturatu dira.

Irizpideak boluntarioendako

Saioei hasiera eman aurretik boluntarioek Saroa Bikandi ipuin kontalari profesionalaren aholkuak jasotzeko aukera izan zuten. Ipuinak nola aukeratu, nola kontatuta, entzuleen adin tarteak knola finkatu... Hala, Saroa Bikandirekin egindako saioek irizpide orokor batzuk zehazteko aukera eman zuten. Kontalari boluntarioen hasierako zalantzak eta beldurrak gainditzeko ere onuragarriak izan ziren Bikandik egindako oharrak.

Ikasturte berria

Ipuinen Ordua ekimenari jarraipena ematea adostu dute Elgetako udal liburutegian. Lehen hiru saioak lotuta daude —urriaren 10ean, urriaren 24an eta azaroaren 7an—, eta liburutegiko ateak zabalik daude kontalari lanak egiteko prest dauden boluntario berriendako.

Zentzu horretan eta ekimenarekin interesatuta Elorrioko Roman Marzana liburutegira gerturatu zen helduendako ipuin saioa egiteko bere buruz eskainiz. Hilaren 19an La Mirada izeneko kontaketa egin zuen dozena bat lagunendako.

Bestelako ekimenak

Boluntarioekin egindako ipuin kontalari saiook, printzipioz, hiru urtetik gorako umeendako dira, baina hortik beherakoendako ere zenbait ekintza egin ziren iazko ikasturtean liburutegian. Esaterako, Azalerako Ipuinak delako saioak. Aurten ere ildo beretik jarraituko dute Elgetan, eta lotuta dute adin tarte horretako umeendako hurrengo saioa. Urriaren 27an, astelehena, egingo du Saroa Bikandik, 18:30ean.
Zortzi urtetik gorako gaztetxoengana iristea ere bada liburutegiko arduradunaren beste kezka bat. Ipuin saioetan, gehienbat, 3-8 urte bitarteko neska-mutikoak hartzen dute parte, eta gaztetxoendako saioek parte hartze txikiagoa izan dute.

Ikasturte berrirako beldurrezko ipuinen kontulari saioa, marrazki lehiaketa, eta irudi deformatuen lehiaketa aurreikusten ditu Ezpeletak. Abenduko lehenengo hamabostaldirako prestatu beharko dituzte marrazkiak gazteek. Gaia eta oinarriak azaroan argitaratuko dituzte. Irudi deformatuen lehiaketa, berriz, ikasturteko bigarren hiruhilekorako aurreikusten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak