Charo Beobide: "Mamografia egitea oso garrantzitsua da, ez gelditu etxean!"

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko mar. 1a, 11:33

Bularreko minbiziaren inguruan lan egiten duen Kattalin elkarteko presidentea Onkologikoko sendagile Arrate Plazaolarekin etorri zen atzo Elgetara.

Elgetako 40 bat emakumeren aurrean hitzegin zuten atzo Charo Beobidek eta Arrate Plazaolak. Bularreko minbizia zer den, nola antzeman daitekeen eta arrisku faktoreak zeintzuk diren azaldu zuten, besteak beste. Jakinarazi zuten, gainera, 50-69 urte bitarteko Elgetako emakumeek sasoi honetan jasoko dituztela etxean —honezkero jaso ez badituzte— Donostiako Onkologikora mamografiak egitera joateko hitzorduak. Adin horretarako emakumeek bi urtean behin jasotzen dituzte gutun horiek eta etxean ez gelditzeko esan zuten Beobidek eta Plazaolak.

Beldurrak etxean utzi

Beobidek jakinarazi zuen 50-69 urte bitarteko Gipuzkoako emakumeen %87 joaten dela mamografia egitera. "Datu oso ona da, Euskadiko handiena, baina horrek esan nahi du %13 ez dela joaten. Badakigu batzuk euren kontutik egiten dituztela mamografiak, baina beste batzuk zer aurkituko dioten beldurrez etxean gelditzen dira", esan zuen Beobidek. "Beldurrek ez dute bizitza honetan ezertarako balio, eta kasu honetan ahalik eta gutxiago. Ezin dugu burua hego azpian sartu".

Plazaolak azaldu zuen mamografia batean tumore oso txikiak ikus daitezkeela; 3-5 milimetrokoak ere bai. "Gaitza fase horretan detektatzen badugu ia segurua da emakume hori sendatuko dugula", esan zuen.

Kattalin elkartea

Charo Beobide moduan bularreko minbizia izan duten emakumezkoak elkartzen ditu Kattalin elkarteak. "Gipuzkoa osora iristen gara, eta ez dugu nahi bularreko minbizia detektatzen dioten emakume bakar batek ere bidea bakarrik egitea. Ospitalean, Onkologikoan eta Intxaurrondon gaude. Deitu!", esan zuen Beobidek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak