Lau baserritarrek eta 12 herritarrek eman dute izena zuzeneko salmenta egiteko

Larraitz Zeberio Lekuona 2010ko abe. 9a, 13:42

Baserritarren batzordetik abiarazi zuten egitasmoa; asteon egingo dute salmenta horiek antolatzeko lehenengo bilera.

Helburu argia du ekimenak; bertako produktuak baloratzea eta herriko baserrietako produkzioa bultzatzea. Baserritarren batzordetik abiatu zen ideia. Etxez-etxe egindako kanpaina baten bitartez Elgetako baserrietan egindako produktuak zuzenean baserritarrei erosteko proposamena egin die Udalak herritarrei. "Momentuz lau dira euren ortuetako produktuak zuzenean etxeetara banatzeko gertu azaldu diren baserritarrak;", adierazi du Patxi Montero teknikariak. "Baserritar horiek Sebas Arantzabal, Jose Luis Larrañaga, Jose Antonio Ojanguren eta Pedro Mari Ubera dira. Erosle potentzialak, berriz, 12 dira". Dena den, egitasmo irekia dela gogorarazi du Monterok eta interesa duen beste edonork informazioa behar izanez gero udaletxera jo besterik ez duela esan du. "Hau hasiera bat besterik ez da. Ikusi egin beharko dugu proiektuak etorkizunean zer emango duen".
     Udala, momentuz, zubi lanak egiteko prest azaldu da; baserritarrak herrian egon daitezkeen erosle potentzialekin harremanetan jarriko ditu, alegia. "Gero baserritarraren eta eroslearen arteko harremana euren arteko kontua izango da", azaldu du Monterok. Udal teknikariak azaldu du proposamena herriko jatetxeei ere egin dietela baina ez dutela momentuz erantzunik jaso.


Berehala martxan


"Berehala astea da gure asmoa", adierazi du Monterok. Beste zenbait ortuzainek herriko dendetara eramaten dute etxean egindako jeneroa. Begoña Ardantzaren kasua da. "Niri orain arte moduan jarraitzea gustatuko litzaidake", adierazi du. Salmenta mota horrekin lotuta proposamen bat aztertuko dute hurrengo baserritarren batzordean. "Pentsatzen dugu bertako produktuak nabarmendu egin beharko liratekeela dendetan", adierazi du Monterok. "Gainerakoengandik nolabait desberdindu". Urtean behin, irailean, egiten den baserritarren azoka gehiagotan egitea ere batzordean mahai gainean duten beste proposamen bat da. "Azoka egun polita izaten da, ikusi egin behar gehiagotan egitea komeni den eta zein maiztasunarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak