Aratusteetan murgilduko dira bariku eguerditik aurrera elgetarrak. Eskolako umeak 14:30ean mozorrotuta irtengo dira eta dantza ere egingo dute. Askaririk eta jolasik ere ez da faltako eurendako.
Txikienei nagusiagoek hartuko diete iluntzean lekua. 20:00etan Oñatiko Oinatz dantza taldekoek kalejira egingo dute herriko kaleetan, eta ondoren, dantza erakustaldia izango da plazan. Euria eginez gero, berriz, Espaloian.
Luzaideko Inauterietako dantzak egingo dituzte oñatiarrek. Oñatin Aratuste-domekan dantzatuko dituzte dantzok eta Elgetan kaleko giroa alaitzeko mutxikoak eta polkak egingo dituzte.
Kontzertua gaztetxean
Bestalde, 22:30ean hasita Zaldibarko bi taldek kontzertua eskainiko dute gaztetxean: Noise X eta Sibaris taldeek, hain zuzen ere.
Beste urte batzuetan mozorro lehiaketa egin badute ere, aurtengorako ez dute horrelakorik antolatu. Hala ere, herritarrei barikuan mozorrotuta joateko gonbitea egin dute gaztetxekoek.
Antzerkia
Dantza eta kontzertuaz gain, antzerki saioa ere antolatu dute Aratusteen aitzakian. Zapatuan izango da Espaloian umeendako antzezlana. Markeliñe taldeak Piratek igandeetan jai lana antzeztuko du 17:00etan.