Eskola Txikien Jaiaren aldeko azoka abenduan

Irati Agirreazaldegi 2004ko urr. 22a, 15:20
Datorren urteko ekainean egingo da Elgetan Eskola Txikien Festa, baina jadanik hasi dira prestakuntza lanetan. Udaletik jakinarazi digutenez, abenduan bigarren eskuko gauzekin azoka egingo dute, eta jasotako dirua jaiaren antolatzaileendako izango da.

Abenduan bigarren eskuko gauzen azoka egingo dute Elgetan.

Horretarako azaroan zehar jendeak etxean soberan dituen liburu, arropa, jostailu zein bestelakoak eskolara eraman beharko ditu, ondoren azokan salgai ipini nahi izanez gero.

Antolatzaileek salneurria jarriko diete jasotako gauza guztiei abenduan azoka egiten dutenean jendaurrean ipintzeko.

Azokan saldutako gauzekin ateratako diruaren erdia jabeendako izango da eta beste erdia, berriz, Eskola Txikien Festa antolatzen diharduen batzordeak jasoko du.

Gabonetako opariak

Azoka txikiarekin, dirua jasotzeaz gain, kontsumismorako joera horren aurkako ekintza bat ere egin nahi dute.

Izan ere, azoka abenduan izanik, jendeari aukera eman nahi diote Gabonetako opariak ere bertan erosteko. Nahiz eta lehen eskukoak ez izan, bila dabiltzan hori aurkitzeko modua egon baitaiteke azokan.

Azoka zein egunetan egingo duten oraindik zehazteke dago, baina abenduan izango da. Egun horretan eskolako umeak izango dira dendariak eta gurasoak zein gainontzeko elgetarrak erosleak. Honela, herritarrek Eskola Txikien Jaiari laguntzeko modua edukiko dute.

Umeak dendari izango badira, Udaleko ordezkariek ere izango dute zereginik. Izan ere, azokaren aldamenean barra ipiniko dute pintxoekin eta edariekin. Bertan jasotako dirua ere Eskola Txikien Jairako izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak