Irlatxoak eta semaforoa autoen abiadura murrizteko

Irati Agirreazaldegi 2004ko urr. 14a, 13:27
Udalak eskatuta Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru irlatxo egin eta semaforoak ipiniko ditu Artekalean, Elgetatik Eibarrerako bidean. Honen helburua autoen abiadura moteltzea da. Lanak noiz egingo dituzten oraindik erabaki gabe dago.

Salbador kalean, plaza inguruan eta tunelaren aldamenean hainbat semaforo ipini zituzten iazko abuztuan herri barruko trafikoa mantsotzeko asmoz.

Baina ustez ez da nahikoa eta Udalaren eskariz Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru irlatxo eta semaforo bat ipiniko ditu Artekalean hasi eta Eibarrerako bidera bitartean.

Lehenengo irlatxoa Artekalean egongo da, eliza ostean. Bertan semaforoa ere ipiniko dute, eta hemendik oinezkoek errepidea kiroldegi aldera gurutzatu ahal izango dute. Bigarrena, Artekaleko azken etxeetatik gutxi gorabehera 40 metrora egingo dute. Horrela, Eibartik datozen autoek abiadura moteldu beharko dute.

Elgetatik Eibarrerako norabidean, San Rokeko parkearen amaieran, kokatuko dute abiadura moteltzeko asmoz egingo duten hirugarren irlatxoa.

Bidea estutu

Irlatxo hauek egitearen helburua bidea pixka bat estutzea da. Honela, autoek derrigorrez abiadura jaitsi beharko dute.

Irlatxoak eraikitzeko lanak noiz hasiko dituzten oraindik ez dute erabaki. Lehenago, ordea, bertako lurren jabeen baimena beharko du Udalak.

Lehengo semaforoekin arazoak

Aurrez, autoen abiadura moteltzeko semaforoak ipini bazituzten ere, arazoa ez da guztiz konpondu.

Hainbat semaforo apurtu egin dira eta baten batek oraindik konpontzeke jarraitzen du. Izan ere, kamioi batzuek bertatik pasatzean maniobrak egiteko zailtasunak izaten dituzte eta izan da semaforoa apurtu duenik ere. Bestalde, oinezko askok semaforoen argiei kasurik egin gabe gurutzatzen du errepidea, ez baitakite kolorez aldatzeko botoiari sakatu behar zaionik.

Semaforoen gainean dauden zalantzak argitzeko asmoz arduradunekin bilera egitea eskatu dute Udaletik. Berriak ipini aurretik lehengo arazoak behintzat konpontzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak