Sagardo eguna zapatuan

Irati Agirreazaldegi 2004ko ira. 15a, 18:29
Zapaturako Sagardo Eguna antolatu du gazte asanbladak. Besteak beste, patata tortilla eta mozorro lehiaketa, sagardo dastatzea, herri afaria eta kontzertua egongo dira eta antolatzaileek jaian parte hartzeko deia luzatu dute.

Aurki udazkenean sartzen garela eta, urteroko ohiturari jarraituz, Sagardo Eguna egingo dute zapatuan gazte asanbladak antolatuta. Aurtengoa zazpigarren aldia izango da. Arratsaldean hasiko dira ekitaldiak plazan. 18:00etan sagardo kupelak zabalduko dituzte eta horrekin batera patata tortilla lehiaketa ere hasiko da.

Aurtengorako bada berrikuntzarik tortilla lehiaketan. Izan ere, antolatzaileek partaideei mozorrotuta joateko deia egin diete, tortillarik onena ez ezik mozorrorik aproposena ere sarituko baita.

Batzuek tortillak egiten eta besteak sagardoa edaten diharduten bitartean giroa alaitzeko musikarik ez da faltako. Elgetako trikitilari eskolako gaztetxoek jardungo dute trikiti doinuak eskaintzen.

Hiru sagardotegitako kupelak

Plazan hiru kupel ipiniko dituzte eta gainontzekoak herriko hainbat txokotan banatuta egongo dira, tabernen inguruan, hain zuzen ere.

Gaztetxean egongo da bat, Panaderokua tabernaren ondoan beste bat, Haizea eta Patxi tabernen artean beste bat eta Espaloian ere egongo da kupel bat. Azkenik, Ostatuan sagardoa botiletan banatuko dute. Kupelak, Isastegi, Lizeaga eta Axpe sagardotegietatik ekarriko dituzte.

Sagardoa edateko plazan bertan erosi ahal izango dira edalontziak 1,50 euroren truke. Edalontziak ez ezik, pintxoak ere ipiniko dituzte salgai, baita lehiaketa amaitu ostean, tortillak erosi ahal izateko txartelak ere. Gaztetxeko materialik ere ez da faltako plazan ipinik duten mahai horretan.

Sariak eta afaria

Lehiaketarik ez da saririk gabe eta saria jasoko dute tortilla eta mozorro onenaz gain, baita tortillarik txarrenak eta originalenak ere. Horiek zein diren erabakitzeko ardura guraso elkarteko hiru kidek izango dute.

Giroa berotuz joan ahala afaritarako ordua ere helduko da eta nahi duenak sagardotegiko menua dastatzeko aukera izango du plazan: txorizo egosia, bakailao tortilla, bakailao zatiak piperrekin, txuleta eta intxaurrak eta gazta postrerako.

Afariaren ondoren, nahi duenak dantzarako aukerarik ere izango du gaztetxean. Oñatiko Potemkin eta Berrizko Ene Bada taldeek jardungo dute bertan.

Sagardo Egunaren antolatzaileek herritarrak eta ingurukoak animatu nahi dituzte zapatuko jaian parte hartzera. "Aurreko urteetakoa ikusita aurten ere giro polita sortzea da gure asmoa", esan digute.

Egitaraua

18:00: Tortilla eta mozorro lehiaketen hasiera, plazan.

Ordu berean, kupelak zabalduko dituzte.

19:30: Sari banaketa, plazan.

21:00: Herri afaria, plazan.

00:00: Kontzertua, gaztetxean.

Potemkin

Ene Bada

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak