Mendiko txirrindulari lasterketa domekan

Irati Agirreazaldegi 2004ko uzt. 15a, 17:40
Datorren domekan, uztailaren 20an, Euskadiko Mendiko Txirrindulari Lasterketa jokatuko dute txirrindulari amateurrek goizez. Aurtengoa probaren hogeigarren edizioa izango da. Elgetan abiatu eta 124 kilometroko ibilbidea egingo dute.

Euskadiko XX. Mendiko lasterketan txirrindulari amateurrak bilduko dira Elgetan. Proba domekan, hilaren 18an, izango da goizez, eta antolatzaileek 130 txirrindulari inguru espero dituzte irteera puntuan.

Trofeo Euskaldun zirkuiturako puntuagarria da lasterketa eta txapelketa horretan lehian diharduten taldeetako ordezkariak izango dira Elgetan.

Maila horretako Euskal Herriko txirrindulari talde guztiek hartuko dute parte eta baita Espainiako beste hainbat tokitatik etorritakoek ere.

Hala ere, Avilako bira jokoan denez, baliteke hainbat ziklista bertan izango direnez, ez etortzea Elgetan parte hartzera.

Elgetar bat lasterketan

Lasterketako parte hartzaileen artean elgetar bat ere egongo da domekan: Xabier Aranguren. Eibarko Debabarrena taldean dihardu gaur egun Arangurenek, eta baita Gipuzkoako selekzioarekin ere.

Arangurenek esan digunez, lasterketa gogorra izango da domekakoa. "Afizionatu mailan ibilbidea bera gogorra ez izan arren, erritmoa azkarra izaten da, eta lasterketa bakoitza ezberdina bada ere nahiko ongi ikusten dut nire burua parte hartzaile moduan. Herriko lasterketa izanik urduri eta normalean baino tentsio gehiagorekin egongo naiz. Hala ere, ahalegina egingo dut ihesaldiren batean sartzeko eta aurre xamarrean amaitzeko", esan digu Xabierrek.

Txirrindulari ezagunak

Gaur egun izen handikoak diren txirrindulari asko pasatu dira Elgetako lasterketatik. Euskaldunen artean Aitor Osa, David Etxebarria, Iñigo Cuesta, Jon Odriozola, Joseba Beloki eta Iñigo Landaluze besteak beste. unai Osa ere bi urtetan podiumeko gorengo tokian egondakoa da.

Ibilbide gogorra

Goizeko hamarretan abiatuko dira txirrindulariak Elgetatik eta 124 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Besteak beste Areitioko gaina, igo beharko dute eta baita Asentzio ere bi aldiz.

Adituen esanetan, ibilbidearen ezaugarriak eta okerruneak kontuan hartuta, amateurren mailan egiten diren egun bakarreko probetan lasterketa gogorrena eta garrantzitsuena da. Antolatzaileetako batek esan digunez, Asentzioko igoeran hautsi daiteke lasterketa eta bertan irabazlea erabaki.

Lasterketa 13:15 inguruan amaitzea aurreikusi dute, eta ondoren egingo da sari banaketa. Txapeldunak 240 euro eta garaikurra jasoko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak