Udalak eta Diputazioak laguntza hitzarmena sinatu dute gizarte zerbitzuetarako

Irati Agirreazaldegi 2004ko eka. 29a, 15:04
Elgetako Udalak eta Gipuzkoako beste hiru Udalek laguntzarako lankidetza hitzarmena sinatu dute Foru Aldundiko Gizarte Politikarako Departamenduarekin. Helburu nagusia landa eremuko zentro balioanizdunen bitartez adineko ezinduei laguntzea da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikarako Departamenduak lankidetza hitzarmena sinatu du hainbat Udalekin, tartean Elgetakoarekin. Hitzarmen honen helburua, herri horietan kokatutako landa eremuko zentro balioanizdunen bidez adineko ezinduei laguntza ematea izango da.

Hitzarmena Departamenduak herri txikietan gizarte zerbitzuak hobetzeko duen Hurbiltzen Planean sartuta dago.

Udalekin hitzarmenok sinatu ostean, Esther Larrañaga, Gizarte Politikarako foru diputatuak poza adierazi du "administrazio ezberdinen lanari esker hitzarmenak sinatzea posible izan delako".

"Hitzarmen hauek pauso handia dira herri horietako adineko ezinduentzako laguntza hobetzeko, kalitatezko laguntza jasoko baitute, beren behar zehatzei egokitutako baliabideen bitartez, eta etxetik gertu, gainera. Pauso bat gehiago ematen ari gara landa eremuko biztanleek, eskubideak ziurtatuta edukitzeko, eta laguntza baliabideen kalitateari dagokionez, herri txikietan aspalditik egon den eskasia gainditzen joateko", esan du Larrañagak.

Elgetako Zentroa

Eguneko zentroa eta babestutako etxebizitzak daude guneotan eta sinatutako akordioek eguneko zerbitzuan dute eragina. Babestutako etxebizitzen ardura, berriz, Udalarena da.

Esther Larrañagak esan duenez, "tokian tokiko beharrei egokituta egin dira zentroak; udalerri bakoitzean ikusitako eskariaren arabera planifikatuak".

Uztailaren 16an inauguratuko duten Elgetako zentro balioanizdunaren ardura Udalak izango du. Eguneko zentroan zazpi plaza egongo dira eta babespeko etxebizitzan, berriz, hiru lagunendako tokia izango da.

Babespeko etxebizitza eraikinaren beheko solairuan dago kokatuta eta 75 metro koadro ditu. Bertan, banakako hiru gela, sukaldea, bainugela geriatrikoa eta guztiendako eremu bat egongo dira.

Eguneko zentroak ere 75 metro koadro ditu eta guztiendako eremua eta bainugela geriatrikoaz gain bulegoa, biltegia eta garbiketa gela izango ditu.

Zentro balioanizduna egiteak 143.637 euroko kostua du eta Foru Aldundiaren ekarpena %47koa da. Gizarte Politikarako Departamenduak 30.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du urtero zentro balioanizduna mantentzeko, etxebizitza babestuak, berriz, Udalak finantzatuko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak