Sailkapen fasea amaitu eta final zortzirenak joan zen asteburuan jokatuta, ETB Kantxa lau terdiko txapelketako final laurdenetan sartuak dira pilotari gazteak.
Maila bakoitzean zortzi pilotarik jardungo dute eta partiduak asteburu honetan eta hurrengoan jokatuko dira.
Gaur, barikua, gauean, kadete mailako hiru partidu izango dira jokoan 21:30ean hasita. Yoldik Mendizabal izango du aurrez aurre, Etxeberriak Narbarte eta Iturriotzek, berriz, Legarreta.
Bihar, zapatua, berriz, 23 urtez azpikoen txanda izango da. Retegik Erroizenearen aurka jokatuko du eta Arretxek Mendizabalen kontra. 17:00etan hasiko da lehenengo norgehiagoka eta ETBk zuzenean eskainiko ditu telebistaz bi partiduak. Gainontzeko final laurdenak ekainaren 18an jokatuko dituzte 20:00etatik aurrera.
Faboritorik ez
Zaila da txapela irabazteko faboritoa zein den esatea. Juan Luis Ubera Ozkarbi Elkarteko pilota saileko arduradunari galdetuta zera esan digu: Zapatuan jokatuko duten lau pilotariek maila ona dute eta euren jokoa orekatua da. Laurek daukate aurrera egiteko aukera, baina hori partiduan bertan erakutsi beharko dute. Kadeteen mailan, berriz, Apezetxea, iazko irabazlea ikusten dut txapela janzteko moduan.
Final laurdenetan jokorik onena erakusten dutenek hilaren 25ean jokatuko dituzte final erdiak; azken partiduak, berriz, uztailaren 4an izango dira.