Jende ugari eta giro bikaina atzo, domeka, Asentzio eguneko ospakizunean Elgetan

Olaia Mondragon 2004ko mai. 24a, 11:05
Ekitaldi ugari egin ziren; horien artean, txirrindulari txapelketa, meza nagusia, dantzarien emanaldia eta herri bazkaria

Jende ugari elkartu zen atzo Asentzio egunean Elgetan. Goizean hasi ziren ekitaldiak, txirrindulari lasterketarekin. Urtero legez meza egin zuten Asentzio auzoko baselizan, eguerdiko hamabietan. Jarraian Elgetako dantza taldeko gaztetxoek emanaldi laburra egin zuten herriko trikitilarien laguntzarekin.

Bazkal aurretik salda eta txorizo pintxoa dastatzeko aukera izan zuten bertan elkartutako guztiek. Ondoren koadrila arteko herri kirolak egon ziren, soka-tira eta sako lasterketa hain zuzen ere. Herri bazkariarekin bukatu zuten eguna elgetarrek.

Aurtengo berrikuntza txirrindulari txapelketa izan da. Ekitaldi hori egin zuten urteroko arrantza txapelketa ordezkatzeko. Bi lasterketa egin zituzten. Bata Intxortako bidegurutzetik Asentzioraino. Lasterketa honetan Andoni Errasti izan zen lehena. Bestea aldiz, 5 metroko ibilbidea izan zen eta txirrindularirik motelena saritu zuten eta Eneko Maguregik jaso zuen saria. Bi irabazleek trofeoak jaso zituzten herri bazkaria hasi aurretik.

Bederatzi urtez ospatzen

Asentzio egunaren ospakizuna Elgetan ohitura handiko jaia da. Herriko nagusiek gogoratzen dute jai hau ospatzen zen garaia. Hala ere, duela urte dezente galdu zen ohitura hori, eta Asentzio eguna ahaztu egin zen. Orain dela 9 urte herriko gazteek osatutako Gazte Asanbladak berreskuratu zuen jai hau.

Egun Elgetako gaztetxekoak dira jai hau antolatzeaz arduratzen direnak. Eta jaia ospatzeaz gain, bide batez, gaztetxea herrira zabaltzea dute helburu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak