Osatu dute zinpeko epaimahaia, lekukoak testigutza ematen hasiko dira

Usoa Agirre 2004ko mai. 10a, 21:31
Guztira bederatzi izango dira zinpeko epaimahaia osatuko duten pertsonak, Elgetako tabako saltzailearen hilketa argitzeko. Gaur osatu dute epaimahaia eta bihar hasiko dira lekukoak testigutza ematen. Guztira zortzi lekukok egingo dute bihar testigantza. Jarraipen zehatza egingo dugu goiena.net-en. Horretarako kazetari bat jarri dugu Donostiako epaitegian.

EAEn zinpeko epaimahaiarekin egin zen lehenengo epaiketa Mikel Otegiren aurkakoa izan zen. Otegi bi ertzain hiltzeagatik epaitu zuten 1997an eta zinpeko epaimahaiak errugabea zela iritzi zion, hilketa delitutik absolbituz.

Elgetako tabako saltzailearen hilketa argitzeko epaiketa ere zinpeko epaimahaiarekin egingo da. Donostiako Justizia Jauregi berrian zinpeko epaimahaiarekin egiten den lehenengo epaiketa da. Gaur aukeratu dute epaimahai hori; 23 hautagaietatik 9 aukeratu dituzte. Zinpeko epaimahaiko kide izateko ez da legediaz ezer jakin behar. Ezaugarri hauek eduki behar dira epaimahaiko kide izateko:

  • 18 urte baino gehiago edukitzea.
  • Inongo kondena edo zigorrik ez edukitzea.
  • Irakurtzen eta idazten jakitea.
  • Ezgaitasun larririk ez edukitzea.
  • Delitua gertatu den probintzian erroldatuta egotea.

Estatu espainiarrean 1995eko azaroaren 23a ezkero dago indarrean zinpeko epaimahaia.

30 urteko kartzela zigorra akusatuarendako

Biktimaren familiak eta Elgetako Udalak osatzen dute akusazioa. Mª Carmen Garcia Martinez da familiaren abokatua eta Elgetako Udalarena, berriz, Jose Ramon Ugalde Egaña. Bai akusazio partikularrak (familiak) eta bai herri-akusazioak (Udalak) hilketa eta bortxazko lapurreta egotziko diote akusatuari, Aitor M.M.-ri. Bi akusazioek 30 urteko kartzela eskatuko dute akusatuarendako.

Fiskaltzak eskatuko du akusatuari debekatzea bost urtetan Elgetara joatea. Horrez gain, hildakoaren senarrari 150.000 euroko kalte-ordaina eta bikotearen bi alabei 75.000 euroko kalte-ordaina ematea eskatuko du.

Akusatuaren defentsak absoluzioa eskatuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak