Bertsolaritza sustatzeko eta bertsoek gune berriak irabazteko asmoz Mutrikuko bertso eskolak eta bertako gaztetxeak Plazatik Gaztetxera txapelketa ipini zuten abian, orain dela zenbait urte. Aurtengo edizioa gaur hasiko da, eta lehen kanporaketa Elgetako gaztetxean egingo dute. Finala maiatzaren 29an izango da Mutrikun.
Eskolarteko bertso txapelketetan parte hartzeko adinez nagusiak izan eta gutxieneko maila duten bertsolariak gonbidatu dituzte txapelketara.
Sei bertsolari Kanporaketa saio bakoitzean sei bertsolarik jardungo dute. Elgetakoan honako hauek izango dira:
Jon Unanue (Ermua)
Oihana Bartra (Bilbo)
Mikel Arrillaga (Eibar)
Oier Azula (Lekeitio)
Enaitz Alustiza (Bergara)
Xumai Murua (Azkaine)
Epaimahaian Aitzol Astigarraga, Asier Ibaibarriaga eta Uxue alberdi egongo dira. Saioa aurkeztearen ardura, berriz, Sebas Arantzabal elgetarrak izango du eta idazkari lanetan gazte asanbladako kideren batek jardungo du.
Saioa afal ostean egingo da, 22:00ak aldera, eta afaria gaztetxean bertan izango da. Bertsolariek ofiziotan zortziko nagusian eta txikian kantatuko dute lehenengo eta gero bakarka puntuari erantzunez, hitza emanda eta azkenik gaia emanda bina bertso bota beharko dituzte.