Lur azpiko zabor ontziak Torrealdean

Irati Agirreazaldegi 2004ko api. 23a, 11:26
Azken Udal batzarrean Torreldea urbanizatzeko eta bertan babes ofizialeko etxebizitzak egiteko baldintzak adostu zituzten. Lanak zeinek egingo dituen erabakitzeko dago oraindik, baina besteak beste inguru horretan lur azpiko zabor ontziak ipintzeko asmoa azaldu zuten.

Torrealdean etxebizitza libreez gain. babes ofizialekoak ere egingo dituzte, 20 hain zuzen. Etxebizitzok uztaila eta iraila bitartean hasiko dira seguru aski eraikitzen. Etxe horiek eraikitzeko eta ingurua urbanizatzeko lanak zeinek egingo dituen oraindik erabakitzeko dago. Baina Udalak baldintzak ipini ditu horretarako. Urbanizazio lanek 1,5 milioi euroko aurrekontua dute.

Zabor ontziak

Torrealdeako urbanizazio lanen artean, bertan lur azpiko zabor ontziak ipintzea dago. Inguru hauetan berrikuntza da edukiontzi mota hau jartzea. Izan ere, Debabarrenean herri gehienetan jarri dituzten arren, Debagoienean Eskoriatzan baino ez dituzte ipini oraingoz.

Bi lekutan ipiniko dituzte lur azpiko edukiontziak: Lau Berraondokuan, gutxi gorabehera orain zabor ontziak dauden tokian, eta beste biak oraingo etxe zaharren eta berrien artean.

Lau jartzen dituzten tokian seguru aski zabor organikoarendako izango da bat, paper eta kartoiendako bestea, hirugarrena beirarendako eta azkena plastiko eta bestelako ontziendako. Hala ere, hori oraindik zehazteke dago, eta urbanizazio lanak egiterakoan erabakiko dute nolakoak izango diren ontziak eta zein zabor mota jasoko den berauetan.

Sistema

Edukiontziak eurak eta inguru egokian kokatzeko lanek 98.608 euroko kostua izango dutela jakinarazi dute Udaletik. Gastu horri aurre egiteko Eusko Jaurlaritzako Izartu programatik diru laguntza jasotzeko eskaria egin zuen udalak.

Urbanizazio lanak egingo dituen enpresa bera arduratuko da zabor ontziak ipintzeaz. Hala ere, kontuan hartu beharko da inguruko herrietan zein sistema erabiltzen den. Izan ere, zabor ontziak jasotzeko kamioi berak erabiltzen dituzte ibar osoan eta edukiontzi guztiak modu berean jasotzeko sistema ere berdina izatea komeni da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak