Aizarnazabalen egingo da aurten, ekainean, Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia. Bertan, Elgetako Herri Eskolari pasatuko diote lekukoa datorren urtean, 2005ean, hemen egingo baita festa.
Ekaineko bigarren domekan izango da jaia Elgetan eta Guraso Elkartekoak jadanik hasiak dira jai honetarako prestaketa lanetan.
Besteak beste jaiaren adierazgarri izango den logotipo bat egin nahi dute lehenbailehen, ondoren kamisetak atera ahal izateko. Kamiseten salmentarekin jaia antolatzeko dirua lortzea da helburua.
Herritarren laguntza
Eskolako umeen gurasoek egin dute bilera jaiaren nondik norakoez elkarrekin berba egiteko, eta antolakuntzarekin aurrera egitea erabaki zuten bertan.
Horretaz gain, Guraso elkartekoek Aste Santuko oporren ostean, Udaleko eta herriko elkarteetako ordezkariekin eta oro har herritarrekin elkartuko direla jakinarazi digute. Izan ere, elgetarren laguntza ezinbestekoa da horrelako jai bat antolatzeko. Guraso elkartekoak ziur dute herritarrek jaia antolatzen eta egunean bertan ere lagunduko dutela.
Guztira, 25 eskola txikitik gora dago Gipuzkoan horietatik gehienak Goierrin. Hainbat herrik zeukaten datorren urtean jaia antolatzeko aukera, baina azkenean Elgetako Herri Eskolari egokitu zaio.
Izan ere, Zeraingo eskolak hemendik urte batzuetara beteko ditu 25 urte. Beraz, urteurreneko ospakizunen baitan sartu nahi dute Gipuzkoako Eskola Txikien jaia ere. Zubietan, berriz, herrian obretan dihardute, eta ez dute egokitzat jo herria horrela dagoen bitartean festa bertan antolatzea.
Ikuskizunak
Egunean bertan, goizean, eskola bakoitzeko umeek euren emanaldi bereziak eskainiko dituzte guraso, irakasle eta umeendako. Ondoren, herri bazkaria izango da, eta arratsaldean jolasak, ikuskizunak eta beste hainbat gauza egongo dira.