Gaztetxearen 8. urteurrena: Aurten ere ospakizun ugari antolatu dituzte

Irati Agirreazaldegi 2004ko mar. 5a, 12:16
Datorren martxoaren 20an, gaztetxeak zortzigarren urteurrena ospatuko du. Hori dela eta Elgetako Gazte Asanbladako kideek hainbat ekitaldi antolatu dituzte hilabete honetarako. Besteak beste kontzertuak eta hitzaldiak izango dira.

Bihar, martxoak 6, kontzertua izango da. 22:30ean hasita, eta bertan Zea Mays bilbotarrek eta Iruñeko Leihotikan taldeek jardungo dute.

Martxoaren 8an, datorren astelehenean, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna dela eta, kontzentrazioa deitu dute gazte asanbladakoek. Bilkura, 20:00etan izango da plazan Emakumea bizirik lelopean.

Egun bera aitzakiatzat hartuta martxoaren 12an Lanbroa feminista taldeko kide batek hitzaldia eskainiko du gaztetxean 20:00etan, eta honen ondoren, afari merienda izango da.

Umeen eguna

Gaztetxean herriko gazteak elkartzen badira ere, umeei egin diete toki bat urteurreneko egitarauan. Martxoaren 13an goizean plazan bat egin eta Asentziora joango dira umeak. Gero bazkaldu eta eguna jolasean amaituko dute.

Elgetako gaztetxeak badu harremanik inguruko beste hainbat gaztetxerekin. Hauen egoera zein den eta lana nola egiten duten jakiteko mahaingurua antolatu dute martxoaren 18rako.

Urteurrena

Egitaraua zabala da oso eta kontzertu eta hitzaldiez gain antzerkirik ere ez da faltako. Martxoaren 19an, Tearto taldeak El filling es así antzezlana egingo du.

Martxoaren 20an, urteurren egunean, goiza trikiti doinuz hasiko dute. Herri bazkaria izango da ondoren eta bazkal ostean trikiti doinuez gain, bertsolariak izango dira eta sorpresarik izango da. Eguna borobiltzeko kontzertua egongo da, eta besteak beste Elorrioko Trapatoni Circus Bandek jardungo du.

Bestalde, martxoaren 27rako ere musika emanaldia dago iragarrita. Matxura eta Morau taldeek eskainitako kontzertuak izango dira.

Barikuero bilera

Gazte Asanbladan 20 lagun inguru ibiltzen dira eta ostiralero elkartzen dira gaztetxean 20:00etan . Gainera, kideek esan digutenez, edozeinek zabalik ditu ateak bileran parte hartzeko.

Gaztetxekoak ahalik eta ekitaldi gehien antolatzen saiatzen dira urtean zehar. “Batez ere kontzertuak egin ditugu, baina pelikula emanaldiak, hitzaldiak, antzerkiak... ere izan dira gaztetxean. Aurrerantzean ere eremu ezberdinak jorratzeko asmoa dugu”, esan digu gazte asanbladako kide batek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak