Goibekok batzar orokorra egin du: "Proiektu garrantzitsu bat daukagu esku artean, Espaloia kafe antzokia"

I.A. 2004ko ots. 10a, 17:51
Goibeko kultura elkarteak batzarra egin zuen hilaren 9ko iluntzean. Hainbat gai jorratu ziren bertan, baina denetan garrantzitsuena, edo pisu handiena zuena, Espaloia kafe antzokiarena. Jende asko batu ez bazen ere bilera emankorra izan zen.

Goibeko kultura elkarteko bileran egon zirenei urtean zehar egindako ekintzak azaldu zizkieten Goibekoko talde eragilekoek. Berba egin zuten gaien artean ziren urtero banatzen den egutegia, euskaraz irakurtzeko egindako kanpaina, Nafarroa oinezeko materiala nola saldu zuten, loteria kontuak, bazkideen alta eta bajak... Goiena komunikazio zerbitzuetako partaidetza ere aipatu zen.

Goibeko, Goienako partaide

Azken gai honek galdera-erantzun dezente izan zituen. Asteleheneko Goienkariaren gaineko azalpenak eman zituen Iban Arantzabalek eta oso ondo hartu zen batzarkideen artean. Goiena egitasmoarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa hartu zen batzarrean. Berba egin zen GOITBko seinaleaz ere. Askotan ez da gura besteko kalitatez heltzen seinalea Elgetara, eta horren kezka agertu zuten batutakoek. Udalari horren abisua pasa zitzaion, jakinda GOITB ikusteko antena Udalarena dela.

Espaloia kafe antzokia

Espaloia kafe antzokiaren nondik norako guztiak azaldu ziren: lanen egoera, lehiaketa publikora aurkezteko asmoa, abalak, diru irteera eta sarrerak, nortzuk izango diren proiektu hori bultzatuko dutenak... Erabaki zen kooperatiba bat sortzea horren kudeaketa eramateko. Lehiaketa publikoan Goibekori suertatuz gero kudeaketa ardura, kooperatiba horrek eramango luke pisurik handiena.

Bideragarritasun txosten berria

Hau dena aurrera eramateko, talde eragileko zenbait pertsona daude Mankomunitateko garapen agentziarekin lanean. Bideragarritasun txosten bat egiten dihardute haiekin batera, eta oso gustora dabiltzala komentatu zuten. "Zerbitzu ona ematen ari dira mankomunitatetik eta bideragarritasun txosten zehatzago bat egingo dugu. Horrek balioko digu kudeaketa hobe baterako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak